Gasteizko Udal Musika Bandak asteazkenean hasiko du bonu denboraldia

Gasteizko Udal Musika Bandaren bonu denboraldi berria aurkeztu dute.
GASTEIZKO UDALA
Actualizado: lunes, 19 septiembre 2022 13:52

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udal Musika Bandaren bonu denboraldia asteazkenean hasiko da, irailaren 15ean, Principal antzokian eskainiko duen 'Mugaren poetika' kontzertuarekin. Luis Orduña zuzendariak Manuel Alejandro Rancel venezuelarra izango du artista gonbidatu bezala, marakekin.

Kontzertua aurkezteko prentsa agerraldia egin dute astelehen honetan Luis Orduñak eta Manuel Alejandro Rancelek, Aldo Rafael Forte konpositorearekin batera, eta gasteiztarrei emanaldira joateko gonbitea egin diete.

Aldo Rafael Forteren '1. Sinfonia' lanaren erabateko estreinaldia egingo da saioan, Ricardo Lorenzoren 'Pataruco. Concierto para maracas venezolanas y banda' bertsioa estreinatuko da Europan eta Kimberly Archer konpositorearen 'Ballad for Aisha' lehen aldiz joko du Gasteizko bandak.

"'Mugaren poetika' kontzertuarekin zabalduko dugu Gasteizko Udal Musika Bandaren 2022-23 denboraldia. Denboraldiak izen hori bera izango du, 1980ko hamarkadan sortu zen kultur mugimenduari erreferentzia eginez. Garai hartan, artista chicanoak eta mexikarrak literatur sorkuntzen, arte plastikoen eta performanceen unibertsoa sortzen hasi ziren, Mexiko-AEBen arteko mugaren errealitate zaila jorratzeko", azaldu du Orduñak.

Gasteizko Udal Musikla Bandaren zuzendariak ziurtatu du denboraldi berrian "muga posible guztiak" gaindituko dituztela, eta, kasu honetan, "muga geografikoekin" hasiko direla. "Gure historiako kontzerturik nazioartekoena izango da; Venezuelatik etorritako bakarlari bat eta Kubako konpositore bat izango ditugu, eta lehen aldiz estreinatuko dugu beste kontinente bateko musika", gaineratu du.

Bestalde, Manuel Alejandro Rancelek adierazi du bakarlari gisa "ohorea" dela eta "oso eskertuta" dagoela estreinaldiaren parte izateagatik. "Udal banda osoari esker eta, batez ere, Luis Orduña maisuari esker izan da posible, Venezuelako proposamen honen alde egin duelako", esan du.

Azkenik, Aldo Rafael Fortek nabarmendu du "pozik" dagoela "Gasteizko Udal Banda handi honentzako eta nazioarte mailako Luis Orduña maisuarentzako" obra bat idazteko aukera izateagatik.