Gasteizko Udalak autobusak doakoak izatea eta zirkulazioan murrizketak egitea proposatu du kutsadura handiko egoeretan

Archivo - Gasteiz
GASTEIZKO UDALA - Archivo
Actualizado: jueves, 4 julio 2024 10:49

GASTEIZ, 4 (EUROPA PRESS)

Gasteizko Udalak epe laburrerako ekintza plan bat izango du airearen kutsadura handiko gertaeren aurrean, eta, besteak beste, hiri autobusak doakoak izatea eta gune batzuetan ibilgailuen zirkulazioan murrizketak egitea proposatu du.

Maider Etxebarria alkateak planaren berri eman du ostegun honetan, udal politikari buruzko eztabaida orokorraren lehen egunean. Plana ostiralean onetsiko du udal gobernu bilerak, eta iaz Airearen Kalitatea Hobetzeko Ekintza Plana garatzeak eta onartzeak ekarritako udal estrategiaren barruan dago.

Bada, planaren dokumentu teknikoak hiru egoera definitu eta pertsonen osasuna babesteko hainbat neurri jasotzen ditu, kutsadura mailaren arabera. Neurriak era askotakoak izan daitezke, hala bola herritarrei gomendioak ematea, hiriko autobusak doakoak izatea eta hiriburuko gune batzuetan zirkulazioarentzako murrizketak ezartzea.

Airearen kalitate txarreko egoerei aurre egiteko plan espezifikoaren helburua da hirian kutsadura areagotzen duten gertaera puntualei erantzun eraginkorra ematea. "Azken helburua da pertsonen osasuna eta ingurumena babestea airearen kalitateak okerrera egiten duenean, legedian ezarritako alerta atalasera iristea saihestuz eta muga balioak gainditzen direneko kopurua murriztuz", azaldu du Etxebarriak.

Horrekin lotuta, eta kutsadura mailaren arabera, hiru testuinguru posible definitu dira, prebentzioa, abisua eta alerta, hain zuzen, eta horietako bakoitzean hainbat neurri ezarri dira. Horrela, prebentzio fasean plana aktibatuko da, herritarrei informazioa helaraziko zaie eta gomendio orokorrak zabalduko dira, hala nola garraio publikoa erabiltzea.

Bigarren fasean, abisuarekin lotutakoan, beste neurri berri batzuk gehituko dira, besteak beste, garraio publikoa indartzea, hiri osoan abiadura 30 km/h-ra mugatzea, kale batzuetan zirkulazio murrizketak egitea eta industria eta eraikuntza jardueren kontrola sendotzea.

Azkenik, alerta egoerak aurreko neurriak jasoko ditu eta beste neurri berri batzuk gehituko dizkie, hala nola kanpoan kirola egitea mugatzeko gomendioa, hiri autobusaren txartela doakoa izatea edo erdiguneko zirkulazioan murrizketak ezartzea, Trafikoaren Zuzendaritza Orokorrak emandako ingurumen etiketen arabera.

Contador