Gastronomiak eta euskarak bat egingo dute Bermeoko Arrain Azokako pintxo txapelketetan

Archivo - Arrain Azoka Bermeon.
BERMEOKO UDALA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 28 marzo 2025 14:23

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Arrain Azoka Elkarteak Bermeoko (Bizkaia) gastronomia eta euskara uztartuko dituzten tabernen arteko eta lagunarteko pintxo txapelketak antolatu ditu. Horrela, herritarrek zein profesionalek izango dute lehiaketetan parte hartzeko aukera, eta bata zein bestean, "arrainaren zapore paregabea eta euskararen indarra izango dira protagonista", Bermeoko Udaletik adierazi dutenez.

Guztira 11 tabernak eman dute izena tabernen arteko pintxo txapelketan parte hartzeko: Batun Batun, Talako kantina, Kai Alde, Joshe Mari, Bermeoko Kafe Antzokia, Toki Alai, Andeko, Artza, Akelarre, Eguzki eta Beti Ondo.

Parte hartzaileek apirilaren 11ko 18:00etan aurkeztu beharko dute udal azokan lehian jarriko duten pintxoa. Edonola ere, erronka apirilaren 12tik 27ra izango dute, herritarrek pintxoak dastatu eta euren botoa eman ahal izango baitute egunero 12:00etatik 14:00etara.

Herritarrek pintxoak probatu eta beren botoa eman ahal izango dute pintxo irabazlea aukeratzen lagunduz. QR kode bitartez edo https://labur.eus/tswiv7sj estekan eman ahalko da botoa.

Herritarren bozak eta epaimahai profesionalaren ebaluazioa uztartuko dira pintxo finalistak aukeratzeko orduan, eta finalera igaroko diren pintxoak apirilaren 29an iragarriko dira.

Horrez gain, zaleei aukera emateko asmoz, lagunarteko pintxo txapelketa ere antolatu da aurten. Parte hartzeko baldintzak dira 18 urtetik gorakoa izatea eta sukaldari profesionala ez izatea. Bakarka edo taldeka eman daiteke izena. Izena emateko azken eguna apirilaren 22a izango da, Turismo Bulegoan (turismoa@bermeo.eus eta 94 617 91 54).

Txapelketako lehenengo proba apirilaren 24an izango da, udal azokan, 18:00etan; parte hartzaileek gasezko su txikiak izango dituzte bertan eskuragarri pintxoak prestatzeko. Pintxoaren osagai nagusia arraina izan beharko da, edozein modalitatetan. Epaimahai profesional batek pintxo guztiak dastatu eta maiatzaren 16ko finalera igaroko diren hiru onenak hautatuko ditu.

FINALAK BATERA

Tabernen arteko zein lagunarteko txapelketan finalak XXXI. Arrain Azokaren baitan izango dira, maiatzaren 16an, 18:00etan, eta bertan erabakiko dira zeintzuk diren bi txapelketetako pintxorik onenak.

Gainera, Arrain Azokak Euskaraldiarekin bat egingo du aurten, eta egitarau osoa euskaraz izatea da helburua. Horregatik, pintxoen aurkezpenak ere euskaraz egin beharko dira; halere, horretarako gaitasunik ez dutenek itzulpen zerbitzua izango dute eskuragarri, aurkezpena bideratzeko.

"Beraz, giro paregabean, euskaraz eta gastronomiaz gozatzeko aukera ezin hobea dugu aurretik. Herritar guztiei dei egiten diegu parte hartzera, pintxoak dastatzera, bozkatzera eta sukaldean trebetasunak erakustera", adierazi dute Bermeoko Udaletik.

Contenido patrocinado