Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketak ikus-entzunezko 300 lan inguru jaso ditu

Beldur Barik 2023 programaren aurkezpenaean parte hartu dutenak.
IREKIA
Actualizado: lunes, 20 noviembre 2023 12:13

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik lehiaketaren aurtengo edizioak ikus-entzunezko 300 lan inguru jaso ditu, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. Sariak abenduaren 1ean banatuko dira, Beasainen (Gipuzkoa) egingo den 2023ko Beldur Barik Topaketaren baitan.

Hain zuzen, Beldur Barik 2023 programaren aurkezpena egin da astelehen honetan Beasaingo Igartza jauregian. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimenak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen bitartez, eta hiru foru aldundien eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen babesa du.

Ekitaldian parte hartu dute Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Joana del Hoyo Arabako Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Patricia Campelo Bizkaiko Aldundiko Berdintasun zuzendari nagusiak eta Nati Lopez de Munain Eudeleko ordezkariak.

Bada, ikus-entzunezko lehiaketa da programaren ekintza nagusietako bat. 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari 'Beldur Barik' jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.

Melgosak eman ditu parte hartzeari buruzko datuak. 300 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. "Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita", nabarmendu du.

Lan gehien aurkeztu diren adin tartea 14 eta 18 urte artekoa izan da, %70eko ordezkaritzarekin, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkai izan da. Lanek jorratu dituzten gai nagusien artean daude rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan, kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide eta aukera berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena.

Halere, proiektuetan "nolabaiteko zailtasuna" ikusi da eguneroko espazioetan gertatzen den indarkeria matxista identifikatzeko, eta, hori dela eta, Melgosak esan duenez, "beharrezkoa da eduki horiek gazteekin azpimarratzea". "Indarkeria matxista eta desberdintasuna antzemateko tresnak eskaintzen jarraitu behar dugu", gaineratu du.

GIZONEN KORPORATIBISMOA

Aurtengo edizioan, gizonezkoen korporatibismoan jarri nahi izan da arreta, indarkeria matxistaren prebentzioan eta erantzunean mutilek duten rol aktiboa bultzatzeko. Helburu hori nabarmendu du Elgarrestak: "Garrantzitsua da mutilak ere emakumeen eta gizonen berdintasunerako aldaketaren eragile sentitzea, gizonezkoen korporatibismoa baztertzea, pribilegioak aitortzea, botere harremanak antzematen eta saihesten laguntzea".

Emakundeko zuzendariak sentsibilizazio ahalegin hori berretsi du, "gizon izateko beste modu batean ikas dezaten", eta, era berean, "nesken ahalduntzearen alde lanean" jarraitzen dutela ziurtatu du.

Beldur Barik Topaketa abenduaren 1ean ospatuko da Beasaingo Usurbe antzokian. Iban Garciak eta Annekdotasek aurkeztuko dute, eta Alarma Morea taldea ere izango da bertan. Autodefentsa feminista, sexualitate, maskulinitate, ziberjazarpen sexista eta ahalduntzeari buruzko tailerrak antolatu dira, eta elkarretaratzea egingo da antzokiaren aurrean, tokiko gazteei indarkeria matxistaren aurka ahotsa emateko.