'Gaztelugatxeko itsaslamina' lanak irabazi du Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioa

'Gaztelugatxeko Itsaslamina' Komikiaren Azala
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: jueves, 20 junio 2024 12:42

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

'Gaztelugatxeko itsaslamina' izenburuko lana izan da Euskal Herriko Ikastolen Komiki Lehiaketako laugarren edizioko irabazlea. Trapagarango (Bizkaia) Itxaropena ikastolako Bera Arroyo, Ane Figuero eta June Abarrategi ikasleak dira egileak, eta euren lana 'Xabiroi' komiki aldizkarian argitaratuko da urriko zenbakian.

Ikastolen Elkartetik azaldu dutenez, herriko neskato baten eta arrantzale gazte baten arteko maitasun istorio bat kontatzen du 'Gaztelugatxeko itsaslamina' lan irabazleak. Ekaitz batek arrantzale gaztea betirako itsaso hondora eramango du, eta neskatoa itsaslamina bihurtuko da haren bila joateko. "Komikiaren teknika landua, narrazioa, eta kalitatea" nabarmendu ditu epaimahaiak.

Bigarren lekuan 'Bakearen harria' izeneko komikia geratu da. Leixa Urmeneta Madariaga da egilea, Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Manex Erdozaintzi ikastolako ikaslea. Lan honek ere epaimahaiaren aipamen berezia merezi izan du, "komikigintzaren baliabideak erabiltzeko moduagatik, eta baita hizkuntzarengatik ere, komiki gutxitan erabiltzen baita noka".

Beste lau finalistak hurrengo lan hauek izan dira: 'Sara eta Balearen abentura', Daniela Muñoz eta Eneritz Lopezena (Itxaropena ikastola, Trapagaran); 'Bermeoko mamuak', Maitane Arpon Cadarso, Julia Perez Alonso, Noa Berrio Miras eta Daniel Baptista Gomezena (San Bizente ikastola, Oion, Araba); 'Orioko azken gizakia', Saioa Larrea, Ainhize Azkune eta Oihane Aurrekoetxearena (San Nikolas ikastola, Algorta, Bizkaia); 'Gaueko bisita', Jone Andiarena (Zangozako ikastola, Nafarroa).

'Euskaldunak eta itsasoa' zen aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia. 12-16 urteko ikasleei zuzendutako lehiaketa izan da, eta sari nagusiaz gain, lehiaketan parte hartu duten egile guztien artean tableta bat, 'Xabiroi' komiki aldizkariaren urteko hainbat harpidetza eta urteko hiru bilduma zozketatuko dira. Joseba Larratxe eta Aritz Trueba ilustratzaile eta komikigileek eta Ikastolen Elkarteko komunikazio taldeko kide Koldo Aldabek osatu dute epaimahaia.

Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira aurtengo Komiki Lehiaketan. Guztira 127 komiki bidali dituzte hainbat ikastolatako ikasleek, eta horrek lan gehiago eman dien arren, pozik agertu dira epaimahaiko kideak, urterik urte ikasle gazte gehiago animatzen direlako komikigintzan lehenbiziko urratsak egitera. Lanik gehienak taldean eginikoak izan dira, eta hori ere azpimarratu nahi izan dute epaimahaiko kideek, komikigintza bera gero eta gehiago delako talde lana.

Contador