Genero ikuspegiak emakumeen jokabide adikzioen tratamenduan duen garrantzia nabarmendu du ikerketa batek

Miren Elgarresta ikerlanaren egileetako birekin
IREKIA
Actualizado: lunes, 15 julio 2024 13:22

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Genero ikuspegiak emakumeen jokabide adikzioen tratamenduan duen garrantzia nabarmendu du Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateko Psikologia Saileko Ana Estevez Gutierrez buru duen ikerketa taldearen 'Substantziadun eta portaerazko adikzioen ebaluazioa genero-ikuspegitik' azterlanak. Laura Macia, Milena Lopez, Itziar Gandarias, Paula Jauregui eta Janire Momeñe dira ikerketa taldeko kideak.

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa lanei ematen dien bekaren emaitza da ikerlana, eta bere helburua da emakumeen adikzioak ikusaraztea, bai substantziekin lotutakoak, bai jokabideekin lotutakoak, eta horien tratamenduan genero ikuspegia txertatzeko beharra erakustea.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ikerketaren garrantzia azpimarratu du astelehen honetan Gasteizen egindako aurkezpenean, eta "genero ondoezak" aipatu ditu kasu askotan emakumeen mendekotasun portaerak sortzeko faktore bezala. Ikerketan, adibidez, zaintzaren banaketa desorekatuak eragindako bakardade sentimendua, depresio egoerak eta estresa aipatzen dituzte emakumeek ondoezen artean.

Txostenaren egileen arabera, mendekotasunaren gizarte estigmatizazioak, mendekotasuna duen emakumearekiko aurreiritziak edo sexuaren araberako adikzioen uste faltsuek azaltzen dute genero ikuspegia berandu sartu dela psikologiaren eremu horretan.

Azterlanak nabarmentzen duenez, substantziekiko adikzioetan pixkanaka txertatzen joan da genero ikuspegia, batez ere alkoholaren kontsumoan, baina jokabide adikzioetan, besteak beste, zoriozko joko, bideojoko, erosketa konpultsiboa eta abarretan, genero ikuspegia oraindik sartu berria da.

BI IKERKETA

Azterlanak bi ikerketa paralelo eta osagarri ditu. Alde batetik, Delphi metodologiaren bidez, adituen parte hartzearekin, portaera adikziozko jokabideak dituzten emakumeak ebaluatzeko erabili beharreko tresnak edo itemak zehaztu dira.

Bigarren ikerketa adikzioak dituzten emakumeen azterketa kualitatibo batean oinarritzen da, elkarrizketa eta eztabaida taldeen bitartez. Ondorioek agerian utzi dute emakume horien mendekotasuna genero rolek markatutako portaerei lotutako egoera konplexuen bigarren mailako ondorioa dela, hala nola zainketen kargaren ondorio. Gainera, estigma sozialak eta lotsak geldiarazi egiten ditu emakumeak laguntza eskatzera.

Ikertzaile taldeak ondorioztatu du genero ikuspegia eta emakumearen begirada sartzea beharrezkoa dela jokabide adikzioetan, eta, zehazkiago, metodologia, esku hartzeak, tratamenduak eta emakumeentzako prebentzio programak sortzeko edo egokitzeko beharra azpimarratu da. Egileek erakundeei eskatu diete emakumeen esperientziak kontuan hartzeko eta emakumeak entzuteko haien sentitzen duten estigma eta lotsa soziala desagerrarazteko.