Genero indarkeriako biktimei osasungintzan ematen zaien arreta eta babesa indartzeko bi gida egin ditu Osakidetzak

Genero Indarkeriari buruzko XI. Jardunaldian aurkeztu dira bi gidak.
IREKIA
Actualizado: viernes, 15 diciembre 2023 12:44

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak bi jarduketa gida prestatu ditu genero indarkeriako biktimei osasunaren esparruan ematen zaien arreta eta babesa indartzeko. Protokoloek jarraibideak eta tresnak eskaintzen dituzte genero indarkeriako biktimen seme-alabei eta sexu indarkeriaren biktima diren 14 urtetik gorako emakumezkoei arreta ematen dieten osasungintzako profesionalentzat.

Bi gidak ostiral honetan aurkeztu dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak antolatutako Genero Indarkeriari buruzko XI. Jardunaldian, Euskalduna Bilbao jauregian. Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiak inauguratu du topaketa.

Jardunaldiak amaiera emango dio Nazio Batuen Erakundeak (NBE) sustatu duen genero indarkeriaren aurkako 16 eguneko ekintzailetzako 'Generation Equality' kanpainari. Osakidetzak kanpaina horretan parte hartu du, eta Juncal Plazaola NBE-Emakumeak erakundeko Genero Indarkeria Ezabatzeko Politiketan adituak modu telematikoan hitz egin du inaugurazioan.

'Osasunetik, bat egin! Inbertitu emakumeen eta haien seme-alaben kontrako indarkeria prebenitzeko' lelopean, genero indarkeriaren aurkako borrokan osasungintzako profesionalek egiten duten lana bistaratu eta balioetsi nahi izan da jardunaldian.

Ildo horretan, genero indarkeriaren biktimei osasunaren esparruan ematen zaien arreta eta babesa indartzeko bi gida aurkeztu dira. Gidek jarraibideak eta tresnak eskaintzen dituzte genero indarkeriako biktimen seme-alabei eta sexu indarkeriaren biktima diren 14 urtetik gorako emakumezkoei arreta ematen dieten osasun arloko profesionalentzat.

'Jarduketa gida osasun arloko profesionalentzat, genero indarkeriaren biktimen seme-alaben aurrean' gidaren eta 'Jarduketa gida osasun arloko profesionalentzat, 14 urte baino gehiagoko emakumeen aurkako sexu indarkeriaren aurrean' giden helburua da Osakidetzaren zerbitzuek printzipio eta balio berberekin bat datozen eta koherenteak diren erantzunak ematea eta esku hartzearen oinarrizko prozesuei buruzko jarraibide zehatzak eskaintzea.

Hala, protokolo horien bidez, euskal osasun sistemako profesionalak hobeto prestatuta egotea bultzatu nahi da, genero indarkeriari aurrea hartzeko, indarkeria egoerak garaiz antzeman eta esku hartzeko, arreta integrala eta babes handiagoa eskaintzeko eta eragindako kalteak konpontzeko.

GENERO INDARKERIA DATUETAN

Osasun Sailaren arabera, emakumeen eta nesken aurkako indarkeria da, oraindik ere, mundu osoan hedatuen dagoen giza eskubideen urraketa. Zenbatespenen arabera, munduan 736 milioi emakumek bizitzan behin gutxienez jasan dute indarkeria fisikoa edo sexuala bikotekidearen eskutik edo sexu indarkeria bikoteaz kanpo, edo biak, hau da, ia hiru emakumetik batek.

Osasun sistema da genero indarkeriako kasu ugariren sarrerako atea. Horrela, Euskadin, 2022an, genero indarkeriaren biktima izandako 1.676 emakume artatu zituzten larrialdietako eta osasun zentroetako profesionalek, hau da, egunero tratu txarren lau kasu berri artatu ziren. Kasuen erdiak larrialdi zerbitzuetan hauteman ziren (860), eta beste erdiak osasun zentroetan (816).

Lurraldeen arabera, Bizkaian 966 aldiz aktibatu zen genero indarkeriaren ondoriozko kodea, Gipuzkoa 495 aldiz eta Araban 213 aldiz.

Sexu erasoei dagokienez, 188 emakumek jo zuten osasun zerbitzuetara laguntza eske. Eraso horietako %63 bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik etorri ziren.