Gipuzkoako 36 herritan egongo da ikusgai 'Elbira' dokumentala

Markel Olano ahaldun nagusia eta Iban Gonzalez zuzendaria dokumentalaren aurkezpenean.
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Elbira Zipitria Irastortza hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko 'Elbira' dokumental fikzionatua herriz herri estreinatuko da Gipuzkoan datozen asteetan. Guztira, lurraldeko 36 herritan egongo da ikusgai Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana.

Hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen duen filma da 'Elbira', Gipuzkoako Foru Aldunditik gogorarazi dutenez.

Donostiako Kursaaleko auditoriumean abenduaren 26an estreinatu zen lana, Zipitria hil zela 40 urte bete ziren egun berean, 1.500 pertsonen aurrean.

Orain, ikusleen aldetik izan zuen harrera ona eta arrakasta handia ikusirik, Gipuzkoako Aldundiak udaletara zabaldu du ikus-entzunezkoaren eskaintza, eta 36 herrik interesa agertu dute filmaren emanaldiak antolatzeko: Aduna, Aizarnazabal, Alegia, Alkiza, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Beasain, Deba, Elgoibar, Eskoriatza, Ezkio Itsaso, Hondarribia, Irura, Itsasondo, Lazkao, Mendaro, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Ordizia, Ormaiztegi, Soraluze, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zestoa, Zumaia eta Zumarraga.

Otsaila eta martxoa bitarte izango dira emanaldi gehienak udalerriotan, eta bakoitzari buruzko informazioa helaraziko dute udalek kultur gidetan edota udal webgunetan. Horiez gain, EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak ere interesa azaldu du udaberrian dokumentala ikasleen artean aurkezteko.

Iban Gonzalezek zuzendutako 'Elbira' dokumentalak Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakontzen du 65 minutuan, eta gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak dira protagonista eta haren istorioaren narratzaile.