Gipuzkoako Azoken Sarea sortu dute, herrietako azokak aztertu, indartu eta etorkizuna bermatzeko

Azoka bateko irudia.
JAVIER MARTIN / IREKIA - Archivo
Actualizado: jueves, 28 enero 2021 17:03

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa jarri du martxan, Eusko Jaurlaritzarekin, landa garapeneko elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean, lurraldeko herrietako azokak aztertu, indartu eta etorkizuna bermatzeko helburuarekin. Azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostu nahi dira, eta guztien artean Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landu.

Proiektua gauzatzeko hiru enpresa aholkulari kontratatu dira: Elhuyar, Eurogap eta Ikertalde. Ekimenaren hasieran 16 udalerrik hartuko dute parte: Azkoiti, Azpeitia, Arrasate, Beasain Bergara, Donostia, Deba, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Oñati, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga. Aurrera begira, helburua da egitasmoa Gipuzkoa eta Euskadi osora ere zabaltzea.

Xabier Arruti Gipuzkoako Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak ekimenaren aurkezpenean nabarmendu du Gipuzkoa "aitzindaria" izango dela egitasmoan, "lurraldeko azoka kopurua eta hauek gizartean, ekoizleentzat zein erosleentzat duten garrantzia" dela eta.

"Gipuzkoako Foru Aldundian gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz", adierazi du.

Arrutik gaineratu du Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoarekin "bultzada handi bat" eman nahi dietela azokei, "hausnarketa bat eginez, eta partaidetza prozesuen bitartez lan ildo nagusi bat eta ekintza plan bat sortuaz".

EUROPA

Bestalde, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak adierazi du "une egokia" dela ekimena martxan jartzeko, "Europatik ekoizleen alde datorren joera dela eta".

"Europako Batzordeak Europako Itun Berdearen esparruan onartu berri duen 'Baserritik Mahaira' estrategiak, elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen du", azaldu du.

Gaineratu duenez, "estrategia hori Euskadiko gobernu planean txertatuta dago, eta elikagaien ekoizpen jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa bultzatuko du, elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren herritarren eskakizunei erantzungo diena, eta gure produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza baloratuko dituena".

"Horretarako, ezinbestekoa da eragile guztien arteko elkarlana, publikoak zein sektorialak, eta gaur aurkezten dugun sare hau Euskadi osora zabaltzea da asmoa, Euskal Azoken Sarea eratuz", azpimarratu du.