Gizarte Eraginari buruzko I. Topaketa izango da azaroaren 5ean Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean

Publicado: jueves, 31 octubre 2024 10:56

DONOSTIA 31 Oct. (EUROPA PRESS) -

Gizarte Eraginari buruzko I. Topaketa egingo da Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean datorren asteartean, azaroaren 5ean. Antonio Aranzabal Fundazioak sustatu du jardunaldia, Artizarra Fundazioarekin, Deusto Business School ikastegiarekin, Rural Kutxarekin eta Sinnple enpresarekin batera, eta gizartean eragina duten ekimenak egiten ari diren entitateak eta eragileak elkartuko ditu.

Gizartean eragina duten entitateen lehen topaketak eztabaida foro bat izan nahi du, esparruko jardunbide egokiak eta enpresek, administrazioek, elkarteek eta abarrek garatzen dituzten gizarte eragineko ekimenen adibideak ezagutarazteko, Deustuko Unibertsitatetik jakinarazi dutenez.

Horrela, gizarte eragineko ekimenak garatzen dituzten edo garatu nahi dituzten entitateetako ehun ordezkari eta kide baino gehiago elkartzea espero da. Horiekin batera, topaketan izango dira gizarte ikuspegia kontuan hartzen duten enpresa txiki eta ertainetako eta familia enpresetako arduradunak, start-up enpresak, hirugarren sektoreko entitateak, ekintzaileak, inbertsiogileak, erakunde publikoetako ordezkariak (Gipuzkoako Foru Aldundia), enpresa esparruko elkarteak (Elkargi, Merkataritza Ganbera, BIC Gipuzkoa) eta abar.

Topaketa sustatu duten bost erakundeek lantalde bat osatu zuten duela hilabete batzuk, eta azaroaren 5eko jardunaldian egingo dute jendaurreko aurkezpena. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eraginaren ekosistema bat osatzeko "lehen urratsa besterik ez da". Askotariko erakundeek osatuko lukete ekosistema hori: dagoeneko ibilbidea duten gizarte enpresak, gizartean eragina duten ekimenak egiten dituzten enpresak, hirugarren sektorea, fundazioak eta gizarte edo ingurumen arloko programa publikoak, gizarte ekintzaileak, enpresa elkarteak eta klusterrak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, finantzaketa funtsak eta administrazio publikoak.

Bada, topaketa abiapuntu bat da gizarte eragineko ekimenen esparruan eztabaida foro bat sortzeko. Antolatzaileen ustez, "beharrezkoa da EAEko entitate ugarik burutzen dituzten gizarte eragineko ekimen askotariko eta garrantzitsuak ezagutaraztea, errentagarritasunaz gainera, gizarte aurrerapenari ekarpena egiteko modu honekin bat egiten duten ekintzailetza edo inbertsio apustu berriak motibatzeko. Komunitatearen aldeko jardunbide eraldatzaileak aurrera eramateko metodologiak eta aukerak ezagutarazi nahi dira".

EGITARAUA

Gizarte Eraginari buruzko I. Topaketa 15:00etatik 18:00etara egingo da Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean, eta aurkezpenean parte hartuko dute Jokin Aranzabalek (Antonio Aranzabal Fundazioa), Alvaro de la Ricak (Deusto Business School), Oscar Ugartek (Seed Capital Bizkaia) eta Jose Luis Ruiz de Munain (SpainNAB).

Ondoren, lehen mahai-ingurua izango da (15:30-16:00), Eduardo Jauregi (Irisbond), Sandra Montes (ScrapAd), Pablo Urbano (Auara) eta Iranzu Sainz de Murietaren (Sinnple) parte hartzearekin, eta erakunde horiek guztiek dituzten ekimen eraldatzaileak azalduko dituzte. Jarraian, bigarren mahai-inguruan (16:00-16:30), Teresa Gomez (Easo Ventures), Raul Sanchez (COFIDES), Maria Cruz-Conde (Open Value Foundation) eta Javier Martinez (Rural Kutxa) izango dira, proiektuen finantzaketaz aritzeko.

Kaferako atsedenaren ondoren hirugarren mahai ingurua egingo da (16:45-17:15), eta Ion Ander Arzalluzek (Gureak), Jokin Umerezek (Ternua), Agustin Idaretak (Bee Planet), Raul Sanchezek (Inversiones de Impacto) eta Amaia Jugok (Artizarra Fundazioa) parte hartuko dute.

Azkenik, eztabaida mahaien ondorioak aurkeztuko dira eta Ane Insausti Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatuak bukatuko du topaketa. Amaieran koktel bat eskainiko da, eta enpresen, erakundeen eta entitateen arteko itunak eta lankidetzak lantzen hasteko aukera izango da.

Contador