DONOSTIA 8 Jul. (EUROPA PRESS) -
Euskaltzaindiak mendeurrenarekin loturiko "Gramatikak XXI. mendean" jardunaldia egingo du ostegunean, uztailaren 11an, Donostiako Luis Villasante ikergunean. Izena emateko epea astelehen honetan amaituko da, eta 944 158 155, 943 428 050, 948 223 471 eta 05 59 256 426 telefono zenbakietako batera deituta edo info@euskaltzaindia.eus helbidera mezua bidalita egin daiteke.
Akademiak jakinarazi duenez, topaketaren izenak berak dioen bezala, XXI. mendeko inguruko gramatikek dituzten ezaugarri nagusiak nabarmentzea izango da jardunaldiaren helburuetako bat. Gainera, Gramatika Batzordeak ondu duen "Euskararen Gramatika" lanaren testua aurkeztuko da eta gaurko gramatiken pareko egiten duten ezaugarriak azpimarratuko dira.
Halaber, gainerako akademiek mende honetan argitaratu dituzten edo argitaratzear dituzten gramatiken eta horien ezaugarrien berri izateko ere balioko du jardunaldia. "Hartara, argiago ikusiko da Gramatika Batzordeak landutako proposamenaren testuingurua zein den", gaineratu dute Euskaltzaindiatik.
Gainera, topaketan landuko da mota honetako gramatika batek zer dakarkien euskalgintzako sektoreei, alegia, unibertsitateetan nahiz DBHko edo Batxilergoko irakaskuntzan, administrazioan, itzulpengintzan edo euskara zerbitzuetan euskaraz lanean ari direnei.
Jardunaldia goizeko 09:30ean inauguratuko dute Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Pello Salaburu euskaltzain oso eta Gramatika batzordeburuak.
Ondoren, egun osoko topaketan parte hartuko dute Salaburuk berak, Miren Azkaratek (Euskaltzaindia), Ignacio Bosquek (Real Academia Española), Gemma Rigauk (Secció Filológica del Institu d'Estudis Catalans), Rosario Alvarezek (Real Academia Galega), Céline Mounolek (euskaltzain urgazlea eta Gramatika batzordekidea), Juan Garziak (euskaltzain urgazlea eta Gramatika batzordekidea), Iñaki Amundarainek (euskaltzain urgazlea eta Gramatika batzordekidea) eta Jesus Mari Makazagak (euskaltzain urgazlea eta Gramatika batzordekidea).