DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)
Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariberria zentroa inauguratu du ostegun honetan Arrasaten, aurreikusitako hiru zerbitzuetako bigarrena. Egoitza berriak indartu egingo du sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei, haien senideei eta gertuko pertsonei laguntza integrala emateko sarea. Zentro berria egiteko 384.187,95 euroko aurrekontua izan da, eta PRTR funts europarrek finantzatu dute.
Zentroa inauguratzeko ekitaldian izan dira, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Marisol Garmendiak Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen ordezkaria eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria.
Hariberria zerbitzuaren lehen egoitza Donostiako Gros auzoan inauguratu zen 2024ko azaroan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan arreta espezializatua bermatzeko.
Zerbitzuak lankidetzan dihardu Gipuzkoako Gizarte Larrialdien Koordinaziorako Foru Zerbitzuarekin, eta koordinazio horri esker, sexu indarkeriari arreta emateko taldea bere esku hartzea beharrezkoa den lekuetara joan daiteke.
Bi zerbitzuen arteko sinergiak aukera ematen du erantzun integrala, diziplina anitzekoa eta espezializatua emateko, sexu indarkeriaren azken aldiko eta iraganeko kasuei helduz, eta biktimengan eta haien ingurunean eragin traumatikoa arinduz.
Bada, Arrasateko Uribarri kaleko 5 zenbakian dagoen Hariberria zerbitzuko baliabide berria espazio irisgarria da, eta sexu indarkeria motaren bat jasan duten edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei arreta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago.
Edonola ere, Donostiako egoitza nagusiaren funtzionamendu desberdina izango du, ez baitu 24 orduz aurrez aurreko arreta iraunkorra eskainiko duen langilerik izango bertan. Kasu honetan, Sexu Indarkeriaren Arretarako Zerbitzuaren irizpide teknikoak emango dio hitzordua bikitimari instalaziora gerturatzeko.
Zentroa zerbitzu integrala eskaintzeko prestatuta dago. Emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko informazioa eta orientazioa eskainiko ditu, bai eta laguntza psikologikoa eta soziala ere, emakumeak sendatzeko prozesua errazteko. Gainera, aholkularitza juridikoa emango du emakume biktimei behar dituzten legezko izapideetan laguntzeko.
Zerbitzuak ingurune seguru eta konfidentzial batean eskainiko dira, behar ezberdinetara egokitutako espazio batean, eta pertsona bakoitzaren erritmoak, erabakiak eta intimitatea errespetatuz.
Zentroak hainbat hizkuntza eta funtzionalitatetara egokituko du arreta, sarbide inklusiboa ziurtatzeko, eta 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, baita haien senideei eta gertuko inguruneari ere.
Hontsultak egiteko edo informazioa eskatzeko erabilgarri daude hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa, 900 840 188 telefono zenbakia eta 747 444 389 whatsapp zenbakia.
BERDINTASUNERANTZ AURRERA EGIN
Bere hitzaldian, Eider Mendozak nabarmendu du "premiazkoa" dela "berdintasunerantz aurrera egitea", "kolektiboki, diskurtso ukatzaileei" aurre eginez, "indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko".
Bada, esan duenez, Hariberria zerbitzuaren bidez, "urrats sendo bat" eman dute norabide horretan, "indarkeria matxistari arreta emateko sarea indartuz, zerbitzu are pertsonalizatuagoa eskainiz, eta sexu indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeen emakumeentzat espazio seguru, hurbilago eta irisgarriagoa eskainiz".
Mendozak adierazi du Hariberria zeritzuaren bigarren zentroaren irekitzea, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen zerbitzu, programa, foro eta baliabideekin batera, "aukera" bat dela erantzunak hobetzen jarraitzeko eta indarkeria mota honi aurre egiten diotenei arreta integralagoa eskaintzeko.