'Hartzea ematea DA!' izango da 59. Durangoko Azokaren leloa

59. Durangoko Azokaren Leloa Eta Kartela Aurkeztu Dituzte
DURANGOKO AZOKA
Actualizado: miércoles, 16 octubre 2024 13:29

BILBO 16 (EUROPA PRESS)

'Hartzea ematea DA!' lelopean ospatuko da 59. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra bitarte, euskal kulturaren zale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman nahian, antolatzaileek asteazken honetan Durangoko Landako Gunean egindako agerraldian iragarri dutenez.

Aurtengo edizioa iragarriko duen kartela ere aurkeztu dute ekitaldi berean. Udatxo eta Balu artistek sortu dute, eskuz esku eta prozesu berezi batekin, geruza ugariko artelan bat sortu, eta pieza hori kartelean integratu baitute.

Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gain, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira agerraldian: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK Fundazioa, Eroski, Euskaltel Fundazioa, Konfekoop eta EITB.

Bada, Durangoko Azokaren sortzaile eta bultzatzaile guztiei eskerrak emanez hasi du hitzaldia Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak, eta aipamen berezia egin dio abuztuan zendu zen Jon Irazabali, 30 urtez azokaren zuzendari izandakoari. "Ondare itzela utzi digu Jonek, eta aurtengo azokan gogoan izango dugu", esan du Mujikak.

Gaur egun Durangoko Azoka indartsu bat izateagatik pozik agertu da, baina oraindik lanerako beharra dagoela argitu du. "Hasierako ametsak marrazten joan gara urteotan guztiotan, eta begira zelako irudia sortu dugun: koloretsua, anitza, indartsua eta ederra, benetan ere. Iaz esaten genuen bezala, fantasia hutsa. Hala ere, euskarak oraindik badu lan horren beharra, eta Gerediaga elkartetik ekinean jarraitzeko asmoa dugu, euskarak ez baitu trabarik eta epairik behar, guztiok kabitzeko moduko bide zabalak baizik", nabarmendu du.

Bestalde, Durangoko Azokaren koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak ziurtatu du euskal kulturgintzako komunitatea pozten denean Durangoko Azokako antolakuntza ere poztu egiten dela. "Eta premiak dituenean, gu ere kezkatu egiten gara. Horregatik saiatzen gara azoka on bat antolatzen, badakigulako azoka birika bat izaten dela, eta ez birika sinbolikoa soilik", gaineratu du.

Gaztelurrutiak azaldu ditu 'Hartzea ematea DA!' leloa hautatzeko zergatiak. Kultura jasotzea, gizarteari bueltan emateko bide bat dela aipatu du, eta euskaraz jasotzen den kulturak, euskaraz eta euskara indartsuago batean bizitzen lagunduko duela. Gainera, euskal kulturak bizi duen egoerari erreparatuta, kulturazale edo hartzaileen ekarpenari balioa eman dio.

"Jakin badakigu euskarazko sorkuntza oso aberatsa dela, baina ez dauka nahikoa hartzaile bere herrian. Hor dago premia momentu honetan eta Durangoko Azokak horri erantzuteko ahalegina egingo du, Azokara etortzea, ikustea, hartzea, kulturgintzari hauspoa ematea ere badelako", ziurtatu du.

Bere hitzetan, "irakurtzea beste modu batera idaztea den bezala, entzutea kantatzea da, ikustea antzeztea, aditzea pentsatzea, eta Durangoko Azokan egotea euskal kulturaren alde egitea da".

IRUDIA

Bestalde, 59. Durangoko Azokaren kartela "hainbat ikuspuntutik berritzailea" da. Hasteko, bi egileren arteko elkarlanetik jaio da, Udatxo eta Balu artisten sormenetik, hain zuzen ere. Gainera, sorkuntza prozesu bereziaren emaitza da, geruza ugariko artelan bat sortu, eta pieza hori kartelean integratu baitute. Aurkezpenean prozesu horren muntaketa irudikatu dute bi egileek, eta leloa mihise batean margotu ere.

Bestelako elementuen artean, eskuak ageri dira irudian. "Eskulana da guretzat garrantzitsuena, eskuak baitira gure eguneroko tresna", aipatu du Udatxok.

Udatxo muralista eta margolaria da, eta Balu artista multidisziplinarra, eta deskontestualizazioaren eta transmutazioaren teknikak jorratzen ditu, besteak beste.

Collage erako lanean, euskal kulturaren erreferentzia diren irudien eta azokako aurreko edizioetako kartelen zatiak itsatsi dituzte, "atzoko sormenetik hartuz, gaurko artelan berri bat emateko".

Geruzak eta koloreak gehitzen joan ahala, kartela forma berezi bat hartzen zihoala konturatu ziren sortzaileak, Baluk azaldu duenez: "Kasualitatez, nabaritu genuen kartelaren forma bihotz batena zela, eta hasi ginen solasten bihotzak ere hartu-eman bat duela, odola gorputz guztira garraiatzen".

EGITARAUA OSATZEN

Durangoko Azokaren antolaketa aurrera doa. Sortzaileek egitaraurako proposamenak bidaltzeko aukera izan dute, eta orain guneetako arduradunak egitaraua osatzen ari dira. Landako Guneko erakusketaz aparte, nobedadeen aurkezpenak, solasaldiak eta tailerrak egongo dira lau egunez.

Abenduaren 5ean 10:30ean zabalduko da azoka, eta lehen goiz hori ikasleei begirakoa izango da, guneetan eurentzako tailerrak eskainiz. Hala ere, publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira ateak.

Era berean, azaroaren 26an eta 27an DA! PRO topaketa antolatuko da, sortzaileen eta programatzaileen artean lankidetzak sustatzeko helburuarekin. Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan; biharamunean, ostera, musika proposamenen txanda izango da, Plateruena kultur aterpean.

Kulturgileek ostiralera arteko epea dute topaketan izena emateko, eta teknikarien txanda azaroaren 11n etorriko da. Interesdunek durangokoazoka.eus webgunera jo behar dute.

Contador