Haur eta gazteentzako Txikipedia aplikazioa sortu dute

Txikipediaren azala
TXIKIPEDIA
Actualizado: lunes, 22 marzo 2021 15:48

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Txikipedia sortu dute, haur eta gazteentzako 3.000 artikulu biltzen dituen wikipedia. CodeSyntax enpresak garatu du aplikazioa.

Txikipediaren webguneak hiru urte daramatza martxan, baina aplikazioa eratu eta epe ertainean 8 eta 12 urte arteko ikasleentzako tresna pedagogiko garrantzitsua izatea lortu nahi da, astelehen honetan aurkezpenean azaldu dutenez.

Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan egin den aurkezpen agerraldian parte hartu dute Hizkuntza Politikoko sailburuorde Miren Dobaranek, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko Galder Gonzalez Larrañagak eta CodeSyntax-eko Luistxo Fernadezek.

Hiru erakundeen arteko lankidetzatik jaio da aplikazioa. "Txikipedia haur eta gaztetxoentzat baliabide interesgarria da, beren egunerokoan sortzen diren galderei erantzuten laguntzen duena. Gurasoei ere laguntzen die, bereziki prestatutako materiala biltzen duelako eta etxeko lanetan laguntzen duelako", azaldu dute.

Gainera, aplikazioa ezagutzera eman eta bultzatzeko kanpaina berezi bat jarri da abian martxoan. Izan ere, Txikipedia "hazten ari den proiektua" da, eta gero eta eskola gehiagotan ari dira artikuluak sortzen klaseko ariketa gisa. Dagoeneko 3.000 artikuluen muga gainditu du, "haur eta gaztetxoentzat sortutako 3.000 eduki, horietako asko ikasleek eurek sortuak".

Txikipediak egunero 1.500 ikustaldi ditu batez beste, 553.000 azken urtean; 2019an 355.000 izan ziren, egunean 968. Alegia, %55 igo da ikustaldi kopurua urte batean. Igoeraren arrazoien artean daude gero eta jende gehiagok Txikipedia ezagutzea eta gero eta eduki gehiago izatea. Txikipedia interneten (txikipedia.eus) edo aplikazio erara Android eta iOS-erako jaisteko moduan ere badago.

EUSKARAZO WIKIPEDIA

Euskarazko Wikipediatik sortutako egitasmoa da Txikipedia. Ildo horretan, Euskarazko Wikipediak berak ere hazten jarraitzen du, eta dagoeneko 372.000 artikulu ditu. Existitzen diren 320 wikipedien artean, 32. postuan dago artikulu kopuruari dagokionez. Europako hainbat hizkuntza ofizialen gainetik dago artikulu kopuruan, tartean greziera, daniera edo estoniera baino hobeto.

Euskarazko Wikipediak erakunde eta eragile desberdinen lankidetza behar du eta ezinbestekoa izan da hezkuntza sektorearekin izandakoa. Ikasleek behar dituzten 2.000 gai identifikatu ziren eta gai horiek jorratzen jarri ziren unibertsitateko ikasle, irakasle eta wikilariak. Artikuluen edukia bikoiztu baino gehiago egin da proiektua hasi zenetik (%138). Unibertsitateko ikasleek, tarte honetan, bost milioi hitz gehitu dizkiote Euskarazko Wikipediari eta ehunka Txikipediako artikulu sortu dituzte jada.

"Pandemia garaian argi ikusi zen euskarazko edukiak bilatzeko sareko erreferentziak beharrezkoak direla eta iazko martxotik aurtengo otsailera 129 milioi orrialde zerbitzatu dira euskaraz, aurreko urtean baino %34 gehiago", azaldu dute.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen lankidetzatik, irakasleentzako baliabideak eskaintzen dituen Hezkuntza Ataria ere sortu da aurten. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan Wikipedia erabilita egin daitezkeen ariketa sorta handia biltzen du, baliabide pedagogikoekin eta bideo tutorialekin. Momentuz garatze eta osatze bidean dagoen ataria da baina etorkizunean hezkuntzan elkarlanak egiteko baliabide nagusia izatea du helburutzat.