BILBO, 26 (EUROPA PRESS)
EITB Euskal Irrati Telebistak eta TOKIKOM Tokiko Komunikabideen Bateraguneak datu kazetaritza lantzeko sortutako Saretzen proiektuaren seigarren aleak Hego Euskal Herriko pertsonen mugikortasuna izango du aztergai, eta ostegunean kaleratuko dute, martxoaren 27an.
Ekimenaren arduradunek iragarri dutenez, ikerketak zenbait galderari erantzungo die, besteak beste, zenbat desplazamendu egiten diren egunero eta zenbat pertsona bakoitzeko, garai batean baino gehiago ala gutxiago egiten diren, aldea dagoen lurraldeen artean, nondik nora egiten diren, zenbatekoa den oinezkoena eta ibilgailuena, edota nolakoa den garraio publikoaren erabilera.
EITBk eta TOKIKOMek 2022an abiatu zuten Saretzen proiektua, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko. Lehen argitalpenean, Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBko zein TOKIKOMeko hedabideek, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta, eta ondoren, immigrazioaren, banku sukurtsalen, maskoten eta etxebizitzen inguruko datu analisiak egin dituzte.
Hain zuzen ere, euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da EITBren eta TOKIKOMen arteko aliantzaren xedea, biztanlegoaren informazio beharrizanak asetzeko. Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea ere badu helburu.