Herritarrek 2025eko aurrekontuetan sartu nahi dituzten ekimenak bozkatzeko epea ireki du Bilboko Udalak

Archivo - Bilboko udaletxea
BILBOKO UDALA - Archivo
Publicado: sábado, 21 septiembre 2024 10:51

BILBO, 21 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak herritarrek bozkatzeko epea ireki du irailaren 27ra arte, 2025eko udal aurrekontuetan sartu nahi dituzten herri ekimenak aukera ditzaten. Parte hartze bidezko aurrekontuen bederatzigarren edizioaren azken fasea da, eta herritarrek 37 proiekturen artean bozkatu beharko dute.

Eider Inunciaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietarako zinegotziak azaldu duenez, aurten, hiria eta auzoak hobetzeko herritarren 590 proposamen jaso dira, eta horietatik 18 Haurren Kontseilutik heldu dira, edizio honetako berritasun gisa.

Udal sailek teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren ideiak lehenetsi eta hautatu dituzte irailera arte, interes orokorreko, egokitasuneko eta udal estrategiako irizpideei jarraituz, eta prozesuaren ondorioz, 37 herri proposamen igaro dira herritarren bozketa fasera.

Bada, irailaren 27ra bitarte, bilbotarrek hiriarentzat onenak deritzeten proiektuak bozkatu beharko dituzte bilbao.eus webgunearen bidez. Bilbon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsona orok parte hartu ahal izango du bozketan, eta bakoitzak boto bakarra izango du. Bozkatzeko inprimaki erraz bat prestatu da, eta bertan identifikazio agiria eta jaiotze data erroldarekin baliozkotuko dira. Inprimakia udaltegietako Bilbaoclick makinen bidez ere eskura daiteke.

Herritarrek nahi beste proiektu bozka ditzakete formularioan, gehienez ere bi milioi euroko aurrekontura iritsi arte, eta behin bakarrik bidal dezakete formularioa. 37 proiektuak herritarrek eskatutako 80 proposamenekin lotzen dira (antzeko proposamenak bozketa proiektu bakarrarekin lotu dira). Bi milioi euroko aurrekontura heldu arte boto gehien jasotzen dituzten proiektuak sartuko dira 2025eko udal aurrekontuen proiektuan.

PROZESU IREKIA

Bilboko parte hartze bidezko aurrekontuena prozesu irekia da, bilbotarrei aukera ematen diena urteko udal aurrekontuaren zati bat erabiltzeko ideiak eman eta proposamenak egiteko.

16 urte baino gehiago dituen eta Bilbon erroldatuta dagoen pertsona orok, Herritarren Partaidetzako Entitateen Udal Erregistroan inskribatuta dagoen entitate orok, legez eratuta dagoen edozein entitatek (elkarteak, fundazioak, sindikatuak, elkargo profesionalak eta zuzenbide publikoko korporazioak) eta Bilboko ikastetxe orok parte har dezakete.

Kasu guztietan, udal sail eta programaren batekin zerikusia duten proposamenak aurkeztu ahal dira, hiri osorako edo barrutiren baterako interesgarriak, www.bilbao.eus webgunean dagoen inprimakia betez. Eskabide inprimaki bakoitzean proposamen bakarra egin daiteke, eta proposamenak kontuan hartuak izateko baldintza batzuk bete behar dira: udal eskumenekoak, legezkoak, interes orokorrekoak eta egingarriak izatea, 300.000 eurotik gorakoak ez izatea eta 2025ean gauzatu ahal izatea.

Contador