Hezkuntza Lege proiektua onartu du Jaurlaritzak

Archivo - Ikasle bat
IREKIA - Archivo
Actualizado: martes, 25 abril 2023 12:42

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Hezkuntza Lege proiektua onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak proposatuta. Lege proiektua Eusko Legebiltzarrera bidaliko da orain, dagokion izapidetzea jarrai dezan.

Bildarratzek berak bileraren osteko prentsa agerraldian azaldu duenez, lege proiektua onartu ondoren, euskal hezkuntza sistema osatzen duten eragileekin "entzuteko eta eztabaidatzeko" izan den prozesua amaitu da.

Legegintzaldian zehar, Hezkuntza Sailak "gizarte guztiaren inplikazioa" eskatu du, "egungo nahiz etorkizuneko erronkei erantzuna emango dien Hezkuntza Lege berri baten oinarriak definitzeko eta adosteko helburuz".

Hezkuntza sailburuaren arabera, lan horren "mugarririk garrantzitsuena" 2022ko apirilaren 7an izan zen, Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzaren %90ek baino gehiagok etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak onartu zituenean, datozen 12 urteetan garatu beharreko 43 neurri zehatz adostearekin batera.

Azaldu duenez, ordutik, Eusko Legebiltzarrak emandako aginduari erantzuteko lanean aritu da Hezkuntza Saila. Prozesuan zehar, hezkuntzako eragileek eta herritarrek "ekarpen ugari" egin dituzte, astearte honetan Jaurlaritzaren gobernu kontseilura iritsi den azken testua guztien artean definitzeko.

"Gaur onartutako testuak Legebiltzarreko akordioaren edukia zein espiritua errespetatzen ditu. Lege proiektu hau Eusko Legebiltzarrak eztabaidatu eta berretsi beharko du orain", gaineratu du.

Hezkuntza Lege proiektuaren helburu nagusia Euskadiko ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzea da, "kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera berdintasuna duena, euskalduna eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena". "Orainaldira egokitua eta etorkizunari begira dagoen testu berri bat, gizarte gero eta prestatuago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko beharrezko tresnak eskainiko dituena", esan du.

BIZKARREZURRA

Onartutako testuak 101 artikulu jasotzen ditu guztira, sei titulutan banatuta: Xedapen orokorrak, Hezkuntzarako eskubidea eta elkarbizitza positiboa, Hezkuntza sistemaren gobernantza, Hizkuntzak euskal hezkuntzan, Berrikuntza, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza eta Ikastetxeen autonomia. Titulu horiek biltzen dute lege proiektuaren bizkarrezurra.

Halaber, lau xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen jasotzen ditu ere jasotzen ditu Hezkuntza Lege proiektuak.

Bukatzeko, Bildarratzek eskerrak eman dizkie Hezkuntza Lege proiektua garatzen eta egiten modu aktiboan parte hartu duten elkarte, kolektibo, hezkuntza eragile, alderdi politiko eta sindikal guztiei, baita herritarrei ere.

"Esker ematea, era berean, Eusko Legebiltzarrari ere, apirilaren 7ko akordioa bultzatu baitzuen eta eztabaida eta hausnarketa foro izan baitzen, horretarako berariaz eratutako lantaldearen bidez. Bertan, hezkuntzako hainbat arlotako ehun aditu inguruk hartu zuten parte", esan du.