BILBO 6 (EUROPA PRESS)
'Hitzak Lege' garrantzi historikoa izan duten arlop pribatuko zein publikoko euskarazko testu juridikoak agertzen dituen erakusketa ibiltaria Donibane Garaziko Herriko Etxera heldu da, eta ohorezko aretoan izango da ikusgai abenduaren 6ra arte (astelehenetik ostiralera, 08:30-12:00 eta 14:00-17:30).
Horrela, Baionan, Iruñean, Bilbon eta euskal hiriburu gehienetan egon ondoren, Baxe Nafarroako hiriburuan ikusgai izango da aldi honetan, Terres de Navarre-Nafarroako lurraldeak elkartearen ekimenari eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen partaidetzari esker, asteazken honetan aurkezpenean azaldu dutenez.
Euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaleratzea da erakusketaren helburu nagusia. Horretarako, 25 panelez (dokumentuen informazioarekin, lau hizkuntzatan, hiruna panel elkarreragilez eta panel argiztatuz eta bi mahaitxoz (jatorrizko dokumentuak erakusteko) horniturik dago erakusketa.
Euskararen lurraldeetan euskara eremu juridikoetan erabili izan denaren adibide dira erakusketan bildutako dokumentuak. Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ganbera legegileetan, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Akitania Berrian gordetzen diren euskarazko testu juridiko adierazgarrienak "modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan" antolatu ditu 'Hitzak Lege' prestatu duen Gotzon Lobera legegile eta euskaltzain urgazleak.
"Gure hizkuntza duela mende askotatik egon da presente euskararen lurraldeetan bizi ziren pertsonen harreman juridiko pribatuetan, baita lurralde horietako instituzioen jarduera administratiboan ere. Hori argi ikusten da erakusketa honetan", adierazi du Loberak agerpenean.