BILBO, 3 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak eta Espainiako Diputatuen Kongresuak lankidetza hitzarmena sinatu dute astearte honetan, euskararen jakintza eta zabalkundea sustatzeko hizkera juridikoan. Bi urterako sinatu duten hitzarmenaren bidez, euskarari buruzko prestakuntza, jakintza eta zabalkundea sustatzeko ekimenak egingo dira, bereziki, hizkera juridikoaren arloan.
Akademiaren Bilboko egoitzan izan da akordioa izenpetzeko ekitaldia, eta bertan izan dira Francina Armengol Diputatuen Kongresuko presidentea eta Andres Urrutia euskaltzainburua, Akademiaren Zuzendaritzako kideekin batera.
Euskaltzaindiak Espainiako Diputatuen Kongresuarekin sinatu duen lehen lankidetza hitzarmena da, eta estreinakoa izan da, hala berean, Kongresuko presidente batek Akademiaren egoitzara egin duen bisita.
Akordioak helburu bikoitza duela adierazi du Andres Urrutiak aurkezpenean. Azaldu duenez, "lehenengoko helburua sinbolikoa da, non Espainiako Estatuaren botere legegilearen ordezkariak eta Euskaltzaindiak, euskararen arloko erakunde aholku-emaile ofiziala denak, indarrak aitortu eta batzen dituzten Espainiako Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzeko ofizializazioa edukiz hornitzeko".
"Beste alde batetik, benetako eragina dago, egunerokotasunean nabarmena izango dena: testu juridikoen ikuspegitik aurrera egitea, Espainiako Estatuak bere lurralde osoan egikaritzen dituen eskumen zabalei eragiten dieten lege proiektuek korrelazioa izan dezaten Estatuko hizkuntza koofizialetan", zehaztu du.
Izan ere, euskaltzainburuak gaineratu duenez, tresna horien bidez, hizkuntzok, euskara barne, "aurrera egiteko aukera dute, bai erabilera juridikoari dagokionez, bai legeen eremuan duten erabilerari dagokionez, horiek baitira gure bizikidetza arautzen dutenak".
"Ez bakarrik maila idatzian, itzulpengintzan, baita erabileran ere, euskal eragile juridikoek testu horiek erabili ahal izan ditzaten eta, aldi berean, Euskaltzaindiak bere ikerketa lanetan testu horietaz balia dadin", adierazi du.
Andres Urrutiaren iritziz, bi erakundeek emandako lehen urrats honek "euskararen normalizazioan eta araugintzan mugarri garrantzitsuak finkatzen jarraitzeko aukera ematen du".
ARMENGOL
Francina Armengol Espainiako Diputatuen Kogresuko presidentea Euskaltzaindiaren egoitzako liburutegian izan da, eta eskuetan hartu du Leizarragaren 'Testamentu Berria'-ren ale bat.
Ondoren, Akademiaren Zuzendaritzarekin batzartu eta erakundearen Ohorezko Liburuan idatzi du: "Lankidetza-hitzarmena sinatu dugu Euskaltzaindiarekin. Gure arteko lankidetzaren orainak ekarriko ahal du kulturaren eta hizkuntzaren aberastasun handiagoko etorkizuna".
"Hizkuntzak ez dira herrien ondare immaterialak soilik; izan ere, badira gizarte kohesiorako elementuak ere. Horregatik, aniztasuna eta pluraltasuna errespetatu eta aintzat hartzen baditugu, horrek geure burua gizarte gisa hobeto ulertzen lagunduko digu. Eskerrik asko zuen lan goresgarriagatik", idatzi du Armengolek.