Hizkeren berba mintzoak aztergai Bilbon, Euskaltzaindiaren II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean

Biltzarraren aurkezpenean izan diren ordezkariak
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: lunes, 18 febrero 2019 17:33

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra antolatuko du, martxoaren 14an eta 15ean. Mendeurrenaren baitan antolatzen duen bosgarren jardunaldi akademikoa izango da, eta Bilboko Euskal Museoan egingo da. Euskararen berba mintzoak aztertuko dira, eta, bide batez, dialektologiaren alorrean nazioartean egin diren azken ikerketak agertuko dira.

Biltzarrari bide emateko, "Euskara Ibiltaria" erakusketa berritua eta interaktiboa aurkeztuko da martxoaren 13an, Euskal Museoan bertan. Horrez gain, Laboral Kutxak babesten duen Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztuko da, martxoaren 15ean.

Biltzarrerako izen-ematea zabalik dago martxoaren 11 bitarte: info@euskaltzaindia.eus, +34 943 42 80 50, +34 944 158 155, +33 (0) 559 25 64 26, +34 948 22 34 71. Plaza mugatuak izango dira, eta aldi bereko itzulpena eskainiko da.

Andres Urrutia euskaltzainburua, Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria, Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien bateratzailea izan dira aurkezpen agerraldian, astelehen honetan, Euskal Museoan.

Urrutiaren hitzetan, "Euskaltzaindiaren aspaldiko tradizioari eutsiz, biltzar honetan beren beregi landuko da euskararen dialektologia arloa. Tituluak berak dioenez, aniztasuna izango da protagonista eta euskararen berba-mintzoak aztergai". Halaber, Arejitak azaldu du gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutuko dituztela biltzarrean, eta horien nondik norakoen berri izango dutela, besteak beste.

Azaldu dutenez, hiru dira jardunaldiaren helburu nagusiak: gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutu, eta horien nondik norakoen berri izatea; dialektologiak etorkizunean Euskaltzaindian izan ditzakeen iker-ildoak zehazteko hausnarketa lagungarriak geureganatzea; hizkuntza atlasen corpusak izan dezaketen etorkizunaz eta erabilgarritasunaz hausnarketa egitea.

Euskal Museoan egingo den biltzarrak hiru atal nagusi izango ditu: gaur egungo nazioarteko dialektologia egitasmo nagusiak; hizkuntzaren bariazioari eta faktore eragileei buruzko ikerketak; hizkuntza atlasen corpusak. Etorkizuna eta erabilgarritasuna.

Guztira 17 hizlari egongo dira. Atal bakoitzean txostengile nagusi bat egongo da eta, ostean, bi edo hiruzpalau kidek osaturiko mahai inguruak egingo dira. Hizlariak bertokoak eta nazioartekoak izango dira, eta Xarles Videgain euskaltzain osoa (CNRS-IKER), John Nerbonne (University of Groningen) eta Pilar García Mouton (CSIC) izango dira atal bakoitzeko hizlari nagusiak.

ERAKUSKETA

Bestalde, Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako "Euskara Ibiltaria" erakusketa goitik behera aldatu du Euskaltzaindiak, eta emaitza Euskal Museoan erakutsiko da, martxoaren 13tik aitzina.

Orain arteko panelez gain, erakusketak hainbat berrikuntza izango ditu. Horrela, teknologia berrien erabilera sustatuko da, eta bisitariak
zentzumenekin jolastuko du: ikusi, entzun eta usaindu. Gainera, Euskararen Herri Hizkeren Atlaseko mapa eta hitzekin jolastu ahal izango da, hiru joko egongo baitira: bisitariarentzat erronkak egongo dira eta gainditzen dituztenen artean sariak zozketatuko dira.

Halaber, herriz herri jasotako erantzunak entzungai egongo dira, eta zenbait herritako pasarteak entzun eta irakurtzeko aukera egongo da.
Erakusketa lau hizkuntzatan egongo da (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa).

HERRI HIZKEREN ATLASA

Azkenik, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren X. liburukia aurkeztuko da, martxoaren 15ean, Dialektologia biltzarraren baitan. Atlasak ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu.

Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galdesorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

Galdeketa horien azken emaitza X. liburukia da, eta martxoaren 15ean aurkeztuko da. Oraingo liburukiak 243 mapa erakusten ditu, ondorengo gaiak jorratu direla: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak.