Hizkuntza gutxituek ekonomiari egiten dioten ekarpenari buruz ariko dira datorren astean Donostian

'Hizkuntzen Irabazia' Biltzarra
HIZKUNTZEN IRABAZIA
Actualizado: martes, 19 noviembre 2024 9:45

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Langune Euskal Herriko hizkuntza industrien elkarteak 'Hizkuntzen irabazia' biltzarra antolatu du datorren asterako, Europar Nazionalitateen Batasunarekin batera, hizkuntza gutxituek ekonomiari egiten dioten ekarpenari buruz aritzeko. Topaketa Donostiako Kursaal jauregian izango da, azaroaren 26an eta 27an.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, biltzarrean Europa osoko 30 hizlari baino gehiago bilduko dira, tartean Euskal Herrikoak, eta, besteak beste, 15 hizkuntza gutxituren egoera eta errealitatea ezagutzeko aukera egongo da.

Euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du topaketak. Era berean, hizkuntza gutxituentzat teknologia berrietan eta ingurune digitalean presentzia izateak duen garrantzia nabarmendu nahi du, arreta jarriz ahalegin horrek dakartzan erronkan eta aukeran.

"Izan ere, azken urteetako adimen artifizialaren eztandak ingelesaren hegemonia areagotu du arlo digitalean eta beste hizkuntza batzuk, bereziki gutxituek, ahalegin bikoitza egin behar dute eremu horretan euren presentzia bermatzeko. Beraz, garrantzitsua da hizkuntza aniztasuna ingurune digitalean eta teknologikoan ere kudeatzea", azaldu dute.

Biltzarrak erakutsiko du euskara teknologia berrietan atzean gera ez dadin egiten den ahalegina, eta Europako beste hizkuntza gutxituek zer eta nola egiten duten ezagutzeko aukera ere egongo da. Era berean, hizkuntza desberdinek euren herrialdeetako ekonomiei zer nolako ekarpena egiten dieten ezagutu ahalko da, baita Europar Batasunak hizkuntzen garapenari buruz duen iritzia ere.

'Hizkuntzen irabazia' biltzarrera joatea doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea topaketaren webgunearen bidez: https://hizkuntzenirabazia.eus

Contador