Hizkuntza harrera egokirako "zumeak" jartzeko jardunaldiak egingo dira urriaren 10ean eta 11n Gasteizen

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak urriaren 10ean eta 11n izango dira, Gasteizko Europa jauregian, 'Ongi etorri euskararen mundura. Harrera jardunaldiak' izenburupean. Euskal herritar berriak euskararen normalizazio eta biziberritzean aliatu izan daitezen, hizkuntza harrera protokolo egokiak diseinatzeko "zumeak" jartzea izango da helburua.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak asteazken honetan aurkeztu dituzte jardunaldian, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.

Parte hartzea doakoa izango da, baina beharrezkoa da izena ematea www.kontseilua.eus/harrera-jardunaldiak webgunean, urriaren 9ra arte. Halaber, bertan daude jasota jardunaldiei buruzko informazio guztia eta egitaraua.

Jardunaldiek euskararen eta migrazioaren arteko elkarlanerako guneak sortzeko eta euskalduntze prozesuari buruzko ikuspegi berriak eskaintzeko "parada ezin hobea" eskainiko dutela azpimarratu dute aurkezpenean Kontseiluak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Halaber, bi erakundeen arteko lankidetzan sakontzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Azaldu dutenez, jardunaldien funtsa izango da hizkuntza harrera egokira heltzeko orain arteko azterketa, hausnarketa eta indarrean jarritako praktikak elkarbanatzea. Horretarako, euskal herritar berriek euskararekiko izan duten esperientziaren berri jasotzeaz gain, haiek euskarara hurbiltzeko hainbat lekutan martxan diren lanketak ezagutuko dira, erakunde eta elkarte desberdinek abian jarritakoak.

Bestalde, iraganeko immigrazio esperientziek euskararen biziberritzeari egindako ekarpena aztertuko da, egungorako ekarpen baliagarriak daudela sinetsita. Era berean, soziolinguistikatik, antropologiatik, psikologia sozialetik eta beste hainbat diziplinatatik migrazioaren eta hizkuntza gutxituen berreskuratzeko prozesuen gurutzaketa ikertu duten adituen ahotsa jasoko da. "Guztia, hizkuntza harrera egokirako protokolo eta politika publikoak diseinatzeko zumeak jartzeko", adierazi dute.

Bada, Aitor Aldasorok eta Idurre Eskisabelek harrera egin eta jardunaldiei hasiera emango diote urriaren 10ean, 09:30ean. Jarraian, migrazioaren kokapena jorratuko da Arkaitz Fullaondo eta Eguzki Urteaga EHUko irakasleen eskutik, migrazioaren nondik norakoak xeheki aztertuz eta eremu administratiboen arteko aldeak ikusaraziz, hurrenez hurren.

Atsedenaldi labur baten ostean, Euskal Herrira bizitzera etorri diren pertsonen bizipenak eta gogoetak entzungo dira Laura Penagos, Celeste Agüero eta beste batzuen eskutik, bai eta euskarak migratzaileentzako aterpe gisa duen egokitasuna aztertu ere.

Hortik abiatuta, hizkuntza harrera egokirako behar diren baliabideak eta estrategiak eztabaidatuko dute mahai-inguruan Onintza Olaizola Euskaltzaleen Topaguneko hizkuntz aniztasun arloko arduradunak, Marijo Arrieta Bilboko Udaleko Euskarako zuzendariak eta Itziar Eizagirre Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideak eta Kultura Demokratikoko teknikariak.

Eguna bukatzeko, Xabier Aierdi EHUko irakasle jubilatuak eta Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean Espainiako Estatuko hainbat lurraldetatik Hego Euskal Herrira heldutako migrazioak euskararen biziberritzean izandako eragina aztertuko dute. Izan ere, haietako asko, azken hamarkadetan euskarak izan duen biziberritze prozesurako ezinbesteko elementu izan dira. "Iraganeko esperientzia horien memoria ekartzea gaur egungoa egoki egin ahal izateko bidea da", adierazi dute.

URRIAK 11

Jardunaldien bigarrean egunean, urriaren 11n, erpin desberdinetatik abiatuta egun martxan diren hainbat lanketa ere aurkeztuko dira, ondo eginak jaso, topatutako oztopo eta zailtasunak identifikatu eta aurrera begirako bideen inguruan hausnartzeko.

Horrela, 09:00etan, Urretxuko harrera proiektua aurkeztuko du Beñat Zamalloa Urretxuko Udaleko Euskara eta Gazteria teknikariak, eta jarraian hezkuntzaren garrantzia aztertuko dute Gasteizko hezkuntza eta heziketa arloko langileek, Iruñeko Kabia proiektuko dinamizatzaileek, eta Ipar Euskal Herritik Seaskako hezitzaileek.

Ondoren, harrera hizkuntza minorizatu baten bidez egitearen erronkak jorratuko dira Leire Amenabar EHUko doktoreaurreko ikerlariarekin, eta amaitzeko, helduen euskalduntze-alfabetatzea estrategikoa dela jakitun, eskura dauden baliabideak, didaktikak edota erronkak aurkeztuko dituzte sektoreko euskaltegietako ordezkariek. Azkenik, bi egunetako ekarpenen laburbilduma eginez emango zaie amaiera jardunaldiei, 14:00etan.

Contador