BILBO, 8 (EUROPA PRESS)
I+G arloan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aurten egingo den inbertsioa inoizko handiena izango da, %8,4 hazita iazkoarekin alderatuta, eta 2.400 milioi eurora hurbilduko da, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak jakinarazi duenez.
Hain zuzen, Innobasqueko presidente Imanol Rego eta zuzendari nagusi Leire Bilbao aurreikuspena osatzen lagundu duten enpresen ordezkariekin elkartu dira astearte honetan lana aurkezteko eta berrikuntzaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko.
I+G arloko enpresa inbertsioaren %40 ordezkatzen duten 17 konpainia trakziogilek esku hartu dute aurreikuspenaren lanketan, eta berretsi dute "ezinbestekoa" dela gastu hori handitzen joatea, "testuinguru geopolitiko ezegonkor honetan oparotasuna bermatzeko".
Orobat, topaketan izan dira, Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Zientzia eta Berrikuntza sailburuorde Adolfo Morais, Berrikuntzako zuzendari Maialen Agirre, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Alberto Fernandez.
2025erako EAEko I+Gko inbertsioaren zenbatespena egiteko Ikerketa eta Teknologiaren Euskal Aliantzak eta Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Sener, Sidenor, Tubacex, Ulma eta Velatia enpresek parte hartu dute.
Konpainia horiek guztiek 86.000 milioi euroko fakturazioa dute eta 240.000 pertsona enplegatzen dituzte mundu osoan. I+G arloko bere jarduera EAEn 500 milioi euro ingurukoa da, hau da, euskal I+Gko enpresa finantzaketa guztiaren %40 inguru.
Bada, AEBetako Gobernuak martxan jarritako neurri protekzionistek eta neurri horiek euskal industrian giltzarri diren automomilgintza moduko sektoreetan izan ditzaketen ondorioek "kezka" sortu badute ere, azterlanean parte hartu duten enpresek azpimarratu dute "aurreikuspen baikorrak" dituztela, hala negozioen bilakaerari buruz nola I+G arloko beren jarduerari buruz.
Era berean, Draghi txostenak nabarmendu duen moduan, Europar Batasuna "desabantaila egoeran" dagoela uste dute konpainiek, eta, horrenbestez, "ezinbestekotzat" jotzen dute jasangarritasunaren, eraldaketa digitalaren, adimen artifizialaren eta I+G arloa dibertsifikatzearen aldeko apustua egiten jarraitzea, gaur egun indar hartzen hasi berriak diren teknologien garapenarekin sor daitezkeen aukera berriak aprobetxatzeko.
Ildo horretan, EAEko berrikuntza ekosistema egiten ari den lana nabarmendu dute, berrikuntza irekiaren sustapenean zein jakintza berria eskuratu nahi duten antolakundeen eta hori bideratzeko gai diren start-up eta eragile zientifiko-teknologikoen arteko lotura lanak egiten.
"BESTE URRATS BAT"
Innobasquek urtero egiten du I+G arloko inbertsioa aurreikusteko azterlana, eta aurtengoa zazpigarrena da. Analisiaren arabera, EAEk "beste urrats bat emango du aurrera" 2025ean "Europar Batasuneko eskualde berritzaileenetako bat izateko bidean", eta 2.395 milioi euro inbertituko ditu I+G arloan, hau da, erkidegoko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2,37.
Zenbatespenaren arabera, 2024an 2.210 milioi eurokoa izango da inbertsioa, eta horrela, aurreikuspen horien arabera, 2025ean hazkundea %8,4koa izango da, eta 2024an %10,4koa, 2023ko inbertsioen inguruan Eustat erakundeak emandako datu ofizialak aintzat hartuta (datu horien arabera, 2023an 2.002 milioi eurokoa izan zen inbertsioa).
Hazkundea jarraitua da 2016tik, eta horren oinarrian eragile ekonomiko guztien engaiamendua dago, baina batez ere enpresa sektorearena. Innobasquen aurreikuspenaren arabera, euskal enpresek 1.389 milioi euro inbertituko dituzte I+Gn, 2024an baino %10,3 gehiago.
I+G arloan gehien inbertitzen duten herrialdeetan gertatzen den moduan, enpresen inbertsioa nabarmen handiagoa izango da administrazio publikoek egingo dutena eta nazioarteko finantzaketatik eta beste iturri batzuetatik etorriko dena baino.
Orobat, 2025eko aurreikuspenen arabera, EAEko administrazio publiko guztiek 777 milioi euro inbertituko dituzte, aurreko urtean baino %6,7 gehiago; nazioarteko finantzaketaren eskutik 178 milioi euro iritsiko dira, eta beste iturrietatik 51 milioi euro.
2023KO DATUAK
Azken datu ofizialak 2023koak dira -duela bi urte 2.002 milioi eurokoa izan zen inbertsioa-, eta, horien arabera, EAEko I+G arloa BPGaren %2,16 baliokidea da. Hala, 2013tik, %2,22ko Europako batez bestekotik inoizko gertuen dago EAEko zifra.
Funtsen jatorriari erreparatuta, iturri guztietakoak handitu dira. Horrela, finantzaketa publikoa 608 milioi eurokoa izatetik 681 milioi eurokoa izatera pasa zen 2023an (%11,9ko hazkundea 2022ko datuarekiko), eta nazioarteko inbertitzaileena 144 milioi eurokoa izatetik 160 milioi eurokoa izatera (%10,9 gehiago).
Nolanahi ere, inbertsioaren bolumen handiena finantzaketa pribatutik etorri zen 2023an: 1.111 milioi eurokoa izan zen, 2022an baino 107 milioi euro handiagoa (%10,7).
Enpresa sektorearen barnean, hainbat sektoretan "oso nabarmena" izan da I+G arloko inbertsioaren hazkundea, hala nola farmazian, elektronikan, garraioan (batez ere automobilgintzan), teknologia berriekin loturiko zerbitzuetan eta I+Gko zerbitzuetan: 2012tik 2022ra arteko hamarkadan, sektore horietan eginiko gastua %38koa izatetik %48koa izatera pasa da.
ELGAren barnean teknologia aldetik jarduera handiena duten hamar herrialdeetan aipatutako sektore horiek dira esanguratsuenak, BPGarekiko I+G arloan eginiko inbertsioa %3tik gorakoa baita.