Igone Etxebarria da Labayru Fundazioko zuzendari berria

Igone Etxebarria.
LABAYRU
Actualizado: lunes, 22 marzo 2021 18:13

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Labayru Fundazioak Igone Etxebarria izendatu du zuzendari, orain arte ardura horretan egon den Adolfo Arejitaren ordez. Artezkaritzako presidente izango da aurrerantzean Arejita, Jokin Gorozikari lekukoa hartuz, Labayruko iturriek jakinarazi dutenez.

Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren zuzendariordea izan da azken 12 urteetan. Erantzukizun berria jasotzerakoan adierazi du Labayruk "erronka asko" dituela aurrera begira, eta horretan ariko dela.

Zuzendari berriak erakundearen helburu estrategikoak aurrera eramatea izango du esku artean: euskararen eta euskal kulturaren zabalkundea egitea transmisioa bermatzeko, euskararen kalitatea zaintzea, digitalizazioa, gizartearekin bat egitea.

Igone Etxebarria (Bedia, Bizkaia, 1962) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta ikasketak amaitu eta Labayrun hasi zen lanean (1985). Gero 14 urte egin zituan ETBn zuzentzaile eta euskara arduradun (1988-2002). Horren ostean, berriro Labayrura joan eta, Eusko Jaurlaritzan Euskara Sustatzeko zuzendari egindako urte eta erdiko tartea kenduta (2005-2007), bertan jarraitu du, 2008tik hona zuzendariorde zela.

Labayru Fundazioaren zuzendari berria euskaltzain urgazlea da (1996tik). Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen (2001-2005), eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Bizia batzordeko kide da 2011tik.

Bestalde, Adolfo Arejita Labayruren sorreratik egon da erakundeari lotuta, eta bere ibilbide profesionala Deustuko Unibertsitatean egin du, irakasle. Labayrun, lehenik, zuzendari laguntzailea izan zan, eta azken 12 urteetan zuzendari, Ander Manterolaren ondoren.

Hemendik aurrera, Artezkaritzako buru edo presidente izango da, Jokin Gorozikak itxitako karguan. Jokin Gorozikak 2003tik bete du kargu hori, eta orain presidenteorde moduan jarraituko du.