Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza egonaldia egiten ari da Montrealen

Igor Calonge Montrealen bertako dantzari batekin.
AUDREY PROOULX
Actualizado: miércoles, 16 noviembre 2022 13:10

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Igor Calonge koreografo donostiarra sorkuntza egonaldi bat egiten ari da Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan, bertako goi mailako dantza ikasleekin. Urriaren 17an hasita, bi hilabeteko lana ari da burutzen, eta egindakoaren emaitza abenduaren 7, 8, 9 eta 10ean aurkeztuko du Montrealen bertan. Egonaldiaren erdia eginda, orain artekoarekin pozik dago, eta "esperientzia aberasgarria" izaten ari dela dio.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Saison Québec-Pays Basque 2021-2022 aldebiko kultur egitasmoaren baitan kokatzen da koreografo donostiarra Montrealen egiten ari den egonaldia.

Dantzari profesional izateko ikasketak amaitzen ari diren 17 dantzari ditu Calongek bere aginduetara. Martxoan irekitako deialdira aurkeztu zuen oreka gai zentraltzat zuen proiektua. "Oreka galtzean sentitzen den bertigoa eta erorketak ematen digun beldurraren inguruko lanketa egin nahi nuen, bereziki, egoera horiei aurre egiteko eta gainditzeko moduak. Mugimenduak eta koreografia horren baitan ari gara osatzen, dantzari bikainez osatutako taldearekin", azaldu du.

Euskadiren eta Quebecen arteko zubiak sendotzeko Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Saison Québec-Pays Basque 2021-2022 ekimenaren barruan joan zen Montrealera Calonge. Bi norabidetan gauzatzen den eta elkarlanerako bokazio osoa duen egitasmoa da. Izan ere, deialdi bakoitzean Quebeceko koreografo bat ere hautatzen dute Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolak eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseiluak, Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean egonaldiak egin
ditzaten Dantzaz konpainiarekin.

Hala, laugarren edizio honetan, jaiotzez mexikarra den Edgar Zendejas koreografo quebectarra bi hilabetez arituko da lanean Dantzaz taldeko dantzariekin: 2023ko urtarrilaren 9an hasiko du egonaldia Tabakaleran, eta otsailaren 6tik martxoaren 9ra Gipuzkoako Dantzagunean izango da. Errenteriako Udalaren elkarlanari esker, egonaldiaren emaitza Niessen auditoriumean aurkeztuko dute, martxoaren 9an, 19:00etan.

Aurreko urteetan, Iker Arrue, Kanpai eta Xian Martinezek egin dute egonaldia Montrealen, eta John Gerena, Louise Bedard eta Bettina Szabok Donostia eta Errenterian. Egonaldi programaren helburu nagusiak dira artisten garapen profesionala sustatzea eta beren lana hedatzea; artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea; euskal eta quebectar sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea; euskal artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.