BILBO 5 Dic. (EUROPA PRESS) -
Ikas euskal pedagogia zerbitzuak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute Baionan abenduaren 11n, goizeko 11:30ean, Euskaltzaindiaren ordezkaritzan. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maite Erdozaintzi Etxart Ikas-en presidenteak izenpetuko dute hitzarmena, bi erakundeen izen eta ordezkaritzan.
Ikas euskal pedagogia zerbitzua 1901eko legepeko elkartea da, 1959an sortua. Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkuntza Nazionalarekin egina duen hitzarmenaren arabera, honela ezagutzen da: batetik, Ikas-materialgintzako zerbitzu publikoa ematen duela; eta bestetik, lau sareen federazio egitura dela (sare publikoa, pribatua, ikastolena eta AEK).
Euskal pedagogia zerbitzuak xedetzat dauka euskararen eta euskarazko irakaskuntza hedatzen laguntzea, bai eta euskal ondarea eta kulturaren ezagutza bultzatzea eskoletan ere, bide hauek erabiliz: batetik, mota guztietako dokumentalak maileguz eskainiz; bestetik, pedagogia saileko animazioak eta ikerkuntza landuz; azkenik, dokumentu berriak sortuz eta zabalduz. Zerbitzu horiek, oroz gainetik, eskola publikoetako eta pribatuetako irakasleei eskaintzen zaizkie, helduen irakaskuntzan ari direnei, kultur arduradunei, bai eta publiko zabalari ere.
Euskaltzaindiak eta Ikas erakundeak aspaldidanik elkarlanean ari dira, 2001. urtean lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten eta. Orain, lankidetza hori areagotuko dute, besteak beste, euskararen normalizazioaz duten proiektuak partekatuz, Euskaltzaindiak euskararen alorrean ezarririko arauak zabalduz, Euskaltzaindiak Ikas-ek argitara ematen dituen materialen hizkuntza-gainbegirada eginez, eta abar.
Era berean, lankidetza-hitzarmenaren eranskinean Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Ikas pedagogia zerbitzuaren euskarazko testu-multzoaz baliatzeko baldintzak ere finkatu dituzte.
EUSKARAREN HERRI HIZKEREN ATLASA
Bestalde, egun berean, baina arratsaldeko 18:00etan, Université de Pau et des Pays de l'Adour-en Baionako campusean, Amphi 040 gelan, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren aurkezpena egingo du Euskaltzaindiak. Ekitaldian, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita euskaltzainak eta egitasmoaren zuzendariak, Xarles Videgain euskaltzainak eta Gotzon Aurrekoetxea euskaltzain urgazleak parte hartuko dute.
Ekitaldian egitasmoari buruzko argibideak emango dira. Era berean, orain arte argitaraturiko liburuak ere egongo dira ikusgai. Jakina denez, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren liburukiak Euskadiko Kutxaren laguntza tarteko dela argitaratzen ditu Euskararen Akademiak.