Ikastolak VII. Biltzarra prestatzen hasi dira

Haurrak ikastola batean.
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: martes, 11 febrero 2020 13:24

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Ikastolak VII. Biltzarra prestatzen hasi dira, "gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertu eta haiei erantzuteko, hezkuntza sisteman erreferente izaten eta gizartean eragiten jarraitzeko eta biharko munduan ikastolak egoki kokatzeko". Hurrengo hamarkadan egin beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte bilkuran, Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez.

Bilkura prestatzeko lehen urratsa barne dokumentu bat idaztea izan da. Bertan, azken hamar urteotako errepasoa egin da, egungo egoera azaltzen da, eta etorkizunerako aurreikuspen bat ere egiten da. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak osatu du dokumentua, eta berau aurkezteari ekin dio, astearte honetan, Tolosan (Gipuzkoa).

Laskorain ikastolan elkartuta, Tolosaldeko ikastoletako ordezkariek hartu dute parte lehen bileran: Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusuk, Andoaingo Aita Larramendik, Anoetako Herri Ikastolak, Ibarrako Uzturpek, Irurako Herri Ikastolak eta Tolosako Laskorainek. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritzako kideek ere parte hartu dute.

Eskualdeka egingo dira bilerak, martxoaren 31ra bitartean; astean hiru egingo dira. Ondoren, ikastolek epe bat izango dute barne dokumentua aztertu, eztabaidatu eta proposamenak eta ekarpenak egiteko. Guztiak bilduta, plan estrategikoa diseinatzeari ekingo zaio. Prozesua, Ikastolen VII. Biltzarra egiten denean amaituko da.

Ikastolen Elkartetik azaldu dutenez, eztabaida edo gogoeta prozesu hau arrakastatsua izan dadin, ikastolen mugimenduaren parte hartze zabala gakoa izango da, eta ikastoletako komunitatearen inplikazioa bilatu nahi da. Horretarako, eskualdekako bilerez gain, ikastola bakoitzari dinamizatzaile bat izendatzeko eskatu zaio, ikastola barruan egingo den gogoeta prozesuaren bideratzailea izan dadin.

Epe jakinik ez da ezarri batzarra egiteko, ikastolen barruan eta ikastolen artean gogoetari eta ekarpenak egiteari lehentasuna eman zaiolako. Dena den, batzarra hurrengo ikasturtearen amaiera aldera egitea aurreikusi da.