Ikastolen jaiek 'Liburu Ibiltaria' abiatu dute Sopelako Ander Deuna ikastolan

Sopelako Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleak 'Liburu Ibiltaria' jasotzen Koldo Tellituren eskutik.
IKASTOLEN ELKARTEA
Actualizado: jueves, 18 febrero 2021 13:18

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Ikastolen jaiek 'Ikastolak Herriari' ekimenaren baitan sortutako 'Liburu Ibiltaria' egitasmoa jarri da martxan ostegun honetan. Sopelako (Bizkaia) Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleei eman zaie liburua idazten eta ilustratzen hasteko enkargua, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren eskutik. Sopelatik, Leioara egingo du jauzi hurrengo egunetan, Betiko ikastolako ikasleek jarraipena eman diezaioten.

Bi ikastola horiek dira, hain zuzen ere, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak, eta jaien ekimena izanik, aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletatik igaroko da liburua, guztien artean osatu dezaten. Halere, jaien antolatzaile diren ikastolez gain, beste hainbatek ere hartuko dute parte ekimenean, guztira Euskal Herriko 21 ikastolatako DBH 3ko ikasleek hartuko baitute parte 'Liburu Ibiltaria' egitasmoan.

Liburuari amaiera emateko ardura Lizarrako (Nafarroa) ikasleena izango da. Beraiek amaituko dute, eta Nafarroa Oinez egunean panel handi batzuetan ikusgai jarriko dute. Era berean, ekimenean parte hartuko duten ikastolei liburuaren edizioaren ale bana jasoko dute oroigarri gisa.

Ikastolen Elkartetik gogorarazi dutenez, jaien helburuetako bat da euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea, eta bereziki euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak eskaintzea gazteei.

Bada, 'Liburu Ibiltaria' ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei, eta aldi berean, parter hartuko duten 21 ikastolen arteko elkarlana sustatu nahi izan da. Gainera, eta eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan nahi du egiasmoak.