Ikastolen proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko 'Tanta' egitasmoa abiatuko da abenduan

'Tanta' Egitasmoa Aurkeztu Dute.
IKASTOLEN ELKARTEA

Actualizado: martes, 26 noviembre 2019 13:06

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko ikastolei beren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko 'Tanta' egitasmoa aurkeztu dute Ikastolen Elkarteko eta ikastolen aldeko jaietako ordezkariek, astearte honetan, Ikastolen Etxean egin duten agerraldian, Donostian. Azaldu dutenez, ekimena abendutik aurrera jarriko da martxan.

"Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena" da 'Tanta', eta herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko da, agerraldian jakinarazi dutenez. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta lurralde bakoitzeko jaien ordezkari banak hartu dute parte prentsaurrekoan.

'Tanta' ekimenean txartel batzuk jarriko dira herritarren esku, eta herritarrek bost euroko ekarpena egin ahalko diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, txartel bakoitzeko. "Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu", azaldu dute.

"'Tanta' txartelaren bitartez, herritarrak partaide izango dira ikastoletako egungo ikasleen garapenean, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, euskaldun eleanitzak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak", adierazi dute.

Herritarren elkartasun adierazpena saritu egin nahi dutela ere esan dute ikastolek. Horregatik, 'Tanta' txartela erosten dutenek, trukean, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute.

Egitasmoa ikastolen jaien ekimenez sortu da. Azaldu dutenez, jaiok finantzatzeko, egunean bertan eta urtean zehar diru sarrerak lortzeko bideak irekitzen dira (arropa salmenta, txosnak, tonbola, sarrerako kutxak, kultur eta kirol ikuskizunak eta abar).

Baliabide horietako bat zozketa izan da. Jai bakoitzak bere zozketa antolatzen du, gauza desberdinak zotz eginez. Helburua bera izanik -jaien autofinantzaketa-, bost zozketa horiek egin beharrean, ikastolen jaiek elkartasun txartelak egitea erabaki dute, eta 'Tanta' sortu dute.

'Tanta' ikastolen jaien ekimenez sortu bada ere, ikastola guztien egitasmoa da, eta, horregatik, Ikastolen Elkartearen ardurapean gauzatu da. Urtero, urte horretako jaien ikastola antolatzaileek izango dute elkartasun txartel hauek banatzeko ardura nagusia, baina ikastola guztiek ere parte hartuko dute ekimenean.

IKASTOLA EREDUA

Gainera, egitasmoarekin ikastola eredua ere azaldu nahi dute bere arduradunek: nondik datozen, non dauden eta nora joan nahi duten. Modu labur eta didaktikoan, ikastolen historiaren eta egitekoen berri eman nahi da, eta horretarako, ikastolen ibilbidean gako izan diren gertakari, une eta pertsonen berri emango da, bilduma bat osatuz.

'Tanta' abiatzeko aukeratu duten lehen pertsona Elbira Zipitria da. Irakasle, pedagogo, ikastolen sortzaile eta lehen ikastolen eta egungoen arteko zubi izan zen Zipitria, bai eta ikastoletako irakasleen irakasle ere, berak sortu zuen irakasle eskolaren bitartez. Frankismoaren urte gogorrenetan isilpean eta ausardiaz jokatu zuen, eta beraren bitartez txertatu zen ikastolen oinarrian euskarazko irakaskuntza aurreratu eta aurrerakoia eskaintzeko xedea.

'Tanta' txartelak abendutik aurrera egongo dira eskuragarri ikastoletan eta ekimenarekin bat egiten duten denda, elkarte eta tabernetan. Aipatu bezala, bost euroren truke eskuratu ahal izango dira elkartasun txartelak. Bildutako elkartasunaren zati bat herritarrei itzultzeko, udaren hasierarekin bat egin nahi izan dute. Horregatik, 60.000 euroko sariaren zozketa ekainaren 25ean egingo dute, notario aurrean.