Iker Aranberrik irabazi du Xabier Lete Nazioarteko VII. Poesia Saria

Iker Aranberrik irabazi du Xabier Lete Nazioarteko VII. Poesia Saria, 'Baden Verboten' lanarekin
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 21 marzo 2025 15:47

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak Iker Aranberriri emango dio Xabier Lete Nazioarteko VII. Poesia Saria, 'Baden Verboten' poema liburuagatik ('Debekatuta dago ibaian bainatzea', alemanez).

Saria emateko ekitaldia ekainaren 3an izango da, 18:00etan, Donostiako Santa Teresa Komentuko areto nagusian, Koldo Mitxelena Kulturunearen egungo egoitzan, eta euskaraz egingo da.

Hala iragarri du Goizane Alvarez Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak ostiral honetan egindako agerraldian, sariaren irabazlea, epaimahaiko kide den Lourdes Otaegi eta Pamiela argitaletxeko Lander Majuelo ere bertan zirela.

Poesiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, foru diputatuak gogorarazi du sariak "omenaldia" egiten diola Xabier Leteri "egin zuen lanagatik". "Euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzea lortu zuen, eta humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal identitatearen eraikuntzan lagundu zuen", esan du.

Bestalde, Iker Aranberrik adierazi duenez "sari hau jasotzeak ilusio berezia egin dit, txikitatik edo gaztetatik izan dudan amets bat betetzera datorrelako; beti izan dut noizbait liburu bat argitaratzeko ilusio hori eta aparteko poza ematen dit Xabier Lete handiaren izena daraman sariketa bati esker publikatzea nire lehenengo poemarioa".

"Luis Garde poetak esaten du 'oroimena auzolana da', eta iruditzen zait erakunde, argitaletxe eta idazleon arteko lan edo auzolan honi esker, Leteren figura, izena, lana eta oroimena bizirik mantentzea lortzen dugula. Sariketak, nola ez, idazten eta sortzen jarraitzeko akuilua ere eskaini dit", gaineratu du.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, 'Baden Verboten' obrak "heldutasun poetiko harrigarria du, bai edukian, bai egituran, imajinarioan eta hizkuntzan". Euskal literaturari, literatura unibertsalari eta filosofiari buruzko "ohiko erreferentziak" ere goraipatu ditu, "poemen harira behar bezala landuak", bai eta idazle eta filosofo handiei buruzko aipamenak ere, "poemategian zehar erraz identifika daitezkeenak".

Aranberriren idazkera "bizia, aberatsa eta egokia" dela txalotu du, eta "bistakoa" dela "euskararen aukera guztiak sakon ezagutzen dituela -eta maiuskulaz erabiltzen dituela-, hori gabe ezinezkoa delako halako proiektu poetiko handinahia gauzatzea".

Sari ekonomikoaz gain, Iker Aranberrik lana argitaratuta ikusi du poesia edizioan izen handia duen Pamelia argitaletxearen eskutik.

"MAILA HANDIA"

Azkenik, epaimahaiak lehiaketaren edizio honetara aurkeztutako 16 lanen "maila handia" nabarmendu dute, eta argudiatu 'Baden Verboten' poemategi irabazle gisa aukeratzearen arrazoia dela askotariko gaiak jorratzen dituela.

"Lehen begiratuan eman lezake elkarren artean zerikusirik ez duten hainbat poemaren bilduma hutsa dela, baina inondik inora ez da horrela. Osotasun bakar eta trinko baten poemategia da, eta naturaren ezagutza sakonetik eratorritako irudiek izugarri inportatzen dute", esan dute.

Contador

Leer más acerca de: