BILBO 15 Nov. (EUROPA PRESS) -
Iker de las Heras Kerejeta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Matematika Saileko ikertzaileak Reinhold Baer Saria eskuratu du. Aljebra abstraktuko talde teoriaren esparruan mundu mailan ekarpen handiena egin duen matematikari gazteari ematen zaio aintzatespena.
Zehazki, EHUk jakinarazi duenez, talde teoriaren arloan 2020-2022 aldian doktorego tesi onena defendatzea edo aldizkari zientifiko batean artikulu onena argitaratzea lortu duen pertsonari ematen zaio saria.
Saria bi urtean behin ematen dute AGTA (Advances in Group Theory and Applications) irabazi asmorik gabeko elkarteak eta Aracne argitaletxeak. Kasu honetan, De las Herasen 'Some topics on finite p-groups and pro-p group' izenburuko tesiari eman zaio. Ikertzaile sarituak 2017 eta 2020 bitarte garatu zuen tesia Gustavo Adolfo Fernández Alcober EHUko irakasle eta ikertzailearen zuzendaritzapean.
Iker de las Heras oso pozik agertu da, sariak pisu handia izango baitu curriculumean, "matematika hutsean, beste arlo askotan bezala, ez baita batere erraza laguntzak lortzea, gure lana ez baita behar bezala baloratzen".
"Tamalez, instituzioek orokorrean, batez ere enpresa pribatuek, garrantzi handiegia ematen diote proiektuek izan dezaketen berehalako eragin ekonomikoari. Ez dakit nire ikerketa esparruak etorkizunean ekarpen ekonomikorik izango duen, nire proiektuen helburu nagusia ezagutza hutsa baita", azaldu du.
Sari honek, beraz, "oztopo" hori gainditzen lagunduko diola espero du. Gainera, oso eskertuta dago agertu da: "Epaimahaiak nire lana horrela baloratu izanak aurrera egiteko indar eta motibazio handia ematen dit. Besteak beste, uste dut sari hau aukera ona dela EHUko
matematikako ikasleak motibatzeko".
Iker de las Heras Kerejeta Ikerlaria EHUko Matematika Saileko eta Groups and Geometry ikerketa taldeko kidea da duela bost urtetik, eta pro-p taldeak, p-talde finituak, hitzezko azpitaldeak eta Hausdorffen dimentsioa dira bere ikerketa esparru nagusiak. Irakasle lanak ere egin izan ditu EHUn, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (Eibar), analisi matematikoa eta zenbakizko analisia irakasten. Une honetan Alemanian dago, Düsseldorfeko Unibertsitatean, Eusko Jaurlaritzaren doktoratu ondoko beka batekin.