GASTEIZ, 7 (EUROPA PRESS)
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako Ikergazte biltzarra egingo da asteazkenetik ostiralera, ekainaren 9tik 11ra, Gasteizko Europa jauregian, eta 200 ikertzaile gaztek parte hartuko dute, elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin.
150 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta antolatzaileek ekitaldi "arrakastatsua" izango dela aurreikusi dute. Hiru egunetan zehar, nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu ditu UEUk.
Asteazkeneko harrera ekitaldia 09:00etan hasiko da, Gasteizko Europa jauregian, eta Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Blanca Urgell Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ordezkariak eta Olatz Arbelaitz biltzarreko zuzendariak parte hartuko dute.
Antolatzaileek aurkezpenean adierazi zuten moduan, aurtengo antolakuntza ez da batere erraza izan, osasun krisiak "zailtasunak" jarri baitizkiete. Horrela, une askotan biltzarra aurrez aurre antolatzeko ideia "zalantzan" jarri badute ere, argi izan dute topaketaren izaerak presentzialtasuna eskatzen zuela.
"Alegia, beste helburu batzuen artean, ikertzaile gazteek elkar ezagutzea duen kongresua ezin imajina genezakeen urruneko moduan eginda. Ez zaigu buruhauste gutxi kostatu, eta B plana ere landu behar izan dugu, baina aitortu beharra dugu, aurtengo ekitaldirako hautatutako hiria Gasteiz izateak eta Europa Biltzar Jauregian antolatzeak erraztu duela dena", azaldu zuten.
Aurreko edizioetako helburu berberekin bidea urratzen segitzeko asmoz egingo da biltarra: "Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerkuntza etxean ezagutu dadila nahi dugu, eta ikertzaileei Gasteiz eta inguruak ezagutzeko aukera ere eman nahi diegu".
Halaber, aurten sekula baina ekarpen gehiago jaso dituztela nabarmendu dute (163), eta gainbegiratze prozesua gainditu duten 150 lan aurkeztuko direla biltzarrean (58 ahozko aurkezpen eta 92 poster): Giza Zientzietako eta Arteko 18; Gizarte Zientzietako eta Zuzenbideko 39; Zientzia Zehatzetako eta Natur Zientzietako 42; Ingeniaritzako eta Arkitekturako 24; eta Osasun Zientzietako 27.
SARIAK
Gainera, jakintza alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaio biltzarraren azken egunean, Gasteizko Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat ere egongo da, Udalbiltzak emanda, eta Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerketa aintzat hartuko du.
Ikertzaileen filiazioari dagokionez, aurreko edizioetako joera mantendu da. Jasotako komunikazioen artean Euskal Herriko Unibertsitatea (UEU) da maizen aipatu dena, eta ondoren Mondragon Unibertsitatea, aurreko edizioetako ekarpen kopurua bikoiztuz.
Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Bordeleko unibertsitatea, University of Illinois at Urbana-Chamapaign, Vic-eko Unibertsitatea eta Granadako Unibertsitateko lanak ere izango dira.
Halaber, unibertsitateei atxikitako ikerketa zentroak eta taldeak ere aipatzen dira beste argitalpen askotan. Ildo honetatik, nabarmentzekoa da, aurtengo edizioan 14 ikerketa talde laguntzaile izango direla, aurreko ekitaldietako kopuruaren bikoitza.
Antolatzaileentzat, zenbakiek adierazten dute "oso pozik egoteko arrazoiak" dituztela, Ikergazte "ekimen arrakastatsu eta erreferentzia" bilakatu dela adierazten baitute: "Zalantzarik ez dugu alor desberdinetako ikertzaileek besteen lanak ezagutzeko aukera izango dutela, eta aurretik gertatu den bezala, ziurrenik elkarlan berriak ere sortuko dira bertatik".
Edizio hau COVID-19a dela eta sortutako osasun krisiari egokituta antolatu behar izan dute, eta betiko espiritua mantenduko duten arren, osasun neurri zorrotzek baldintzatuta egongo da eta horrek egitaraua zertxobait moldatzera behartu ditu.