Euskal industriarentzako produktu ziberseguruen garapenari buruzko jardunaldia

Zibersegurtasuna
PIXABAY - Archivo
Actualizado: martes, 19 febrero 2019 13:17

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

Ikerlan zentro teknologikoak eta Gaia klusterrak euskal enpresei bideratutako zibersegurtasun industrialari buruzko jardunaldia antolatu dute, "Osagai industrial ziberseguruen garapena eta egiaztapena" izenburupean, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroaren eta Ziur Zibersegurtasun Industrialeko Gipuzkoako Zentroaren laguntzarekin. Ikerlanek Garaian duen egoitzan izango da topaketa, Arrasaten (Gipuzkoa), martxoaren 21ean.

Antolatzaileek azaldu duetnez, 4.0 Industriaren aurrerabidea eta produktu eta prozesu industrialen digitalizazioa "joera geldiezina" da, euskal ekosistema industrialean ere, "ekoizpen prozesuak bizkortzeko, erabakiak hartzea hobetzeko eta, azken batean, enpresen lehiakortasuna handitzeko aukera handiak irekitzen dituelako".

Horrela, elkarrekin konektatutako egungo ingurunean, zibersegurtasun industriala "funtsezko elementu" bihurtu da zerbitzuen erabilgarritasuna, jabetza intelektualaren babesa eta datuen konfidentzialtasuna zaintzeko eta babesteko. Incibe Zibersegurtasuneko Espainiako Institutuak jaso duen bezala, 2017an zehar segurtasun informatikoko 123.000 gorabehera baino gehiago antzeman ziren, hots, 2016an baino ia %7 gehiago.

"Digitalizazioaren hedapenarekin, aurreikuspen guztiek diote zibererasoen kopuruak gora egiten jarraituko duela. Horregatik, zibersegurtasuna erronka handi bihurtu da ekosistema globalean lehiakor izaten jarraitu nahi duten enpresa industrial guztientzako", azaldu dute.

HURBILTZE ERREALA

Horrela, Ikerlanek eta Gaiak jardunaldia antolatu dute, euskal enpresei euren produktuetan behar dituzten zibersegurtasuneko neurriak har ditzaten laguntzeko. "Osagai industrial ziberseguruen garapena eta egiaztapena" izango da jardunaldiaren izenburua, eta antolatzaileen helburua izango da euskal enpresek egun dituzten behar eta erronketara hurbiltze erreal bat erraztea, produktu edo zerbitzu ziberseguruak garatzeko gakoak eskainiz, arauen eskakizunak betez.

Jardunaldia zibersegurtasun industrialaren alderdi espezifikoetara bideratuko da, arau esparruak, estandarrak eta garapen metodologiak barne hartuz. Era horretan, parte hartzen duten enpresek produktu baten garapen prozesuan zibersegurtasuna txertatzearen erronkak eta onurak ezagutu ahal izango dituzte, Seguruty-by-design kontzeptua jarraituz.

Paradigma horretan esperientzia zabala du Ikerlanek, eta segurtasun neurriak diseinuaren hasierako faseetatik txertatzean datza. Bere aldetik, Gaia klusterreko enpresek industriarako soluzioen garapenean eta aplikazioan duten esperientzia ekarriko dute, bai eta erakunde industrialetan txertatzeko orduan ematen duten laguntza ere.