Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia egin du UEMAk, eta laginak maiatzaren 28a arte aurkez daitezke

Iñaki Arregi ikerketa beka.
UEMA
Actualizado: miércoles, 21 abril 2021 16:21

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko Iñaki Arregi ikerketaren bekaren bigarren deialdiaren oinarriak zabaldu ditu UEMAk, eta laguntza jaso nahi duten egitasmoek maiatzaren 28ra bitarteko epea izango dute laginak aurkezteko. Eusko Jaurlaritzaren babesa du bekaren bigarren deialdiak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kontseiluaren eta UEUren laguntza. Bi lan sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin.

UEMAko iturriek adierazi dutenez, hainbat eragileren artean azken urteotan egindako jardunaldietan nabarmendu izan den moduan, udalerri euskaldunak garatzea da arnasguneei eusteko modurik eraginkorrena. Ondorio horri tiraka, udalerri euskaldunak garatzeko askotariko moduak ikertu eta landu nahi ditu bekaren bigarren deialdiak, horretarako oinarri izan daitekeen esparruetako batetik abiatuta, besteak beste, demografikoa, sozioekonomikoa, soziokulturala edo sozioekologikoa.

Horrerarako, UEMAk, Kontseiluak, Udako Euskal Unibertsitateak eta Gaindegiak 2018an aurkeztutako 'Udalerri euskaldunak: prebentziotik garapenera' txostena erabiliko dezakete ikertzaileek oinarritzat (labur.eus/txostena).

Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdian bi lan sarituko dira, 6.000na eurorekin. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea maiatzaren 28an amaituko da, eta epaimahaiak ekainaren 30ean jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein diren. Egun horretatik aurrera, saridunek hamar hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.

Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.

IÑAKI ARREGI

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) UEMAren koordinatzailea izan zen, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea.

UEMAk 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta Arregiren izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian. Lehen deialdian, bi lan saritu zituen epaimahaiak: batetik, Joseba Garmendiaren lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa; eta bestetik, Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak elkarlanean egindakoa, udalerri euskaldunetara heldutako erdaldunek euskararen inguruan dituzten iritziak eta bizipenak aztertuz.