Indarkeria matxistaren biktimei prozesu penalari buruzko informazioa emateko gida egin dute EAEn

780097.1.260.149.20230622131759
Vídeo de la noticia
Gidaren aurkezpenean izan diren arduradunak - IREKIA
Actualizado: jueves, 22 junio 2023 13:54

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emnakumearen Euskal Erakundeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Nagusiak 'Genero indarkeriaren biktimentzako zigor arloko prozesuari buruzko informazio gida' eta 'Zigor arloko prozesuan biktimek dituzten eskubide nagusiak' liburuxka argitaratu dituzte, indarkeria matxistaren biktimei prozesu penalari buruzko informazio argi eta erraza emateko asmoz.

Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak aurkeztu dituzte ostegun honetan argitalpen berriak.

Gida Gipuzkoako Genero Indarkeriaren Lurralde Batzordean landu zen, eta euskara-gaztelania bertsioan ez ezik, frantsesa-arabiera, ingelesa-portugesa, errumaniera eta irakurketa errazeko formatuan ere argitaratu da. Indarkeria matxistaren biktimei informazioa eta arreta emateko baliagarria denez, Bizkaiko eta Arabako lurralde batzordeek ere bere egin dute.

Zabalkundea ahalik eta handiena izan dadin, Justizia Auzitegi Nagusiak eta Emakundek modu zabalean banatu dizkiete gida eta liburuxka hiru lurralde historikoetako auzitegietako eta batzordeetako lehendakariei, EAEko dekanotzei, fiskaltzei, abokatutzaren eta prokuradoretzaren elkargo profesionalei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta ematen parte hartzen duten Jaurlaritzako sailei (Justizia, Berdintasuna eta Gizarte Politikak, Osasuna eta Hezkuntza), biktimei arreta emateko zerbitzuei, foru eta udal arloko gizarte zerbitzuei, emakume etxeei eta emakume elkarteei, besteak beste.

INFORMAZIOA HOBETU

Iñaki Subijanak adierazi du justizia arloko politika publikoen jarduera ildoetako bat dela indarkeria matxistaren biktimei prozedura judizialari buruzko informazioa nabarmen hobetzea, hor egikaritzen baitituzte legez aitortuta dituzten eskubideak.

Testuinguru horretan, azaldu duenez, gida eta liburuxka komunikazio prozesua errazten saiatzen dira, ulertzeko eta ulertua izateko eskubidea gauzatzeko, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen eta seme-alaben egoera eta baldintza pertsonaletara egokituta, Delituaren Biktimen Estatutuak eskatzen duen bezala.

Arau esparru horretan, argitalpenek hizkera zehatz, argi eta oso bisual baten bidez helarazten dituzte prozesu judizialaren funtsezko faseak, salaketa jartzen denetik epaia eman arte.

Bestalde, Nerea Melgosak ziurtatu du lehentasuna dela bere sailarentzat "indarkeria matxistaren biktimak erakundeetatik hurbil sentitzea eta ondo informatuta egotea segurtasunaren, gizarte politiken, osasunaren eta, bereziki, justiziaren arloetan eskaintzen dituzten zerbitzu guztietan".

"Ezinbestekoa da biktimek hurbiltasuna eta enpatia sentitzea Justizia Administrazioaren aldetik, hori izango baita konfiantza sentitzeko eta beren egoera salatzera eta prozesu penal bati ekitera ausartzeko modua", ziurtatu du.

Azkenik, Miren Elgarrestak azken urtean emakume biktimen arreta hobetzen lagunduko duten bi mugarri garrantzitsu gogorarazi ditu: duela urtebete Berdintasunerako Lege berritua onartu izana eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta hobea emateko erakundeen arteko hirugarren akordioa sinatu izana. Bere iritziz, bi ekimen horiek baliabideak indartuko dituzte eta administrazioen arteko koordinazioa bermatuko dute indarkeria matxistaren biktimei arreta emateari dagokionez.