BILBO 14 Oct. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza aste honetan AlhondigaBilbaoko Golem zinema aretoetan egiten ari den Zinexit jaialdiak Indiako gizarte kasta apalenetako emakumeei buruzko "hurbilketa bitxi bat" eskainiko du asteazken honetan, urriaren 15ean, hain zuzen, Amsterdameko Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren azken edizioan Oxfam Saria irabazi zuen "Light fly, fly high" filma. Saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da Golem zinema aretoetako 1 aretoan. Sarrera librea izango da aulkiak bete arte.
Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, Susan Ostergaard eta Beathe Hofseth zinemagile norvegiarrek Indiara egindako bidaia batean Thulasi izeneko gaztetxo 'ukiezina' ezagutu zuten, hau da, Indiako kastarik apalenean jaiotakoa. Horren ondorioz, Thulasi miseria gorrian eta pobrea eta emakumea izateak dakarren diskriminazio bikoitzaren pean bizitzera kondenatuta zegoen, baina Ostergaard eta Hofsethen harridurarako, gazteak aparteko plana asmatu du halabeharra aldatzeko: boxeoan jardutea.
Ondorengo lau urteetan, zinemagile norvegiarrek hainbat aldiz bisitatu zuten India, Thulasi eliteko kirolari bihurtu eta Gobernuak atleta onenen artean banatzen dituen beketako bat eskuratzeko egiten ari den egunez eguneko ahaleginaren jarraipena egiteko asmoz. Mugimendu feministan harrera paregabea izaten ari den "Light fly, fly high" filmak 80 minututan laburbildu du nerabeak helduarora egindako bat-bateko bidaia hori, "borrokarik latzenak ringetik kanpo" daudela egiaztatzeko.
Filmaren ondoren, Ainhoa Zugasti Amnesty International erakundeko ekintzaile, Zuzenbidean lizentziatua eta Ekintza Humanitarioko masterduna jendeari irekitako solasaldi batean izango da.
Zinexit zikloko programazioa ostegunean amaituko da, Unax Ugalde protagonista duen "Lasa eta Zabala" Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren desagerpenaren ikerketari buruzko filmaren proiekzioarekin, areto komertzialetan estreinatu baino egun bat lehenago.