Informatikari Euskaldunen XIII. Bilkurak adimen artifizial sortzailea landuko du ostegunean Donostian

Informatikari Euskaldunen XIII. Bilkura
UEU
Actualizado: miércoles, 6 noviembre 2024 10:51

DONOSTIA 6 (EUROPA PRESS)

UEU Udako Euskal Unibertsitateko Informatika sailak Informatikari Euskaldunen XIII. Bilkura egingo du ostegunean, azaroaren 7an, Donostiako Carlos Santamaria zentroan. Adimen artifizial sortzailean jarriko da arreta batez ere, eta informatikan eta programazioan izan duen eragin sakona eta datozen urteetan aurre egin beharreko erronka eta aukera berriak aztertuko dituzte.

Horrez gain, informatikari euskaldunen bilkura izanik, aipatutako gai horietaz ez ezik, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua jardunaldian, UEUko iturriek jakinarazi dutenez.

Topaketa 09:00etan hasiko da, Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendariak eta Aitzol Astigarraga Pagoaga jardunaldiaren koordinatzaileak egingo duten ongietorriarekin eta aurkezpenarekin. Ondoren, Mikel Artetxe Zurutuza Reka-ren sortzaileetako bat eta EHUko Ixa taldeko eta HiTZ zentroko ikertzaileak 'Adimen artifizial sortzailea: historiatik eta histeriara?' hitzaldia emango du.

Jarraian, softwarea garatzeko eta ikasteko bide berriak landuko dituzte Tknika zentroko Iñaki Telleria Olabarrietak eta Rakel Alonso Artolak ('Adimen Artifiziala Lanbide Heziketan: ikaskuntza aberasteko erronka') eta Abantail kooperatibako Ainhoa Iturriozek ('Low-code eta Mendix plataforma').

Atsedenerako tarte baten ondoren, 'Laborategitik plazara' atala irekiko da, Orai NLP-ko Ander Corral Navesen ('LLMtan oinarritutako soluzioak') eta EHUko Ixa taldeko eta HiTZ zentroko Naiara Perez Miguelen ('Zein da LLMrik onena?') hitzaldiekin.

Segidan, komunikazioan txanda iritsiko da eta bi saio paralelo antolatu dira: alde batetik, komunikazio orokorrak aurkeztuko dira, eta, bestetik, ikasleen komunikazioak. Ikasleen ekarpenak sustatu asmoz, aurkeztutako komunikazio guztien artean bi sari banatuko dira: lanik onena eta originalena. Saria horretarako eratutako epaimahaiak banatuko du egunean aurkezpenak aztertu ostean.

Bukatzeko, bazkaltzeko orduaren ondoren, Juanan Pereira Varelak (EHUko Informatika Fakultatea, ONEKIN Research Group) 'Sofwarearen garapena LLMak erabiliz: 10 adibide praktiko' izeneko tailerra eskainiko du.

Contador

Leer más acerca de: