Ingurune digitalean euskara sustatzeko Bziber lehiaketa antolatu dute Bizkaiko gazteentzat

Lorea Bilbao (ezkerrrean) eta Iurdana Acasuso Bziber lehiaketa aurkezten
AZKUE FUNDAZIOA
Actualizado: miércoles, 8 julio 2020 13:10

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Azkue Fundazioak Bziber egitasmoa aurkeztu du asteazken honetan, Bilbon. Bizkaiko 11 eta 13 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa da, Tik Tok eta Instagram sare sozialetan oinarrituta, eta ingurune digitalean euskararen erabilera sustatu nahi du. Ekimena ostegunean hasiko da, uztailaren 9an, eta hilaren 20an amaitu, irabazleen izenen argitalpenarekin.

Euskararen Etxean egin da aurkezpen ekitaldia, eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak eta Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak parte hartu dute.

Bilbaoren hitzetan, "gazteak etorkizuna dira, eta beren egunerokotasunean euskara normaltasunez erabil dezaten, garrantzitsua da euskarak presentzia izatea esparru guztietan, baita eremu digitalean ere. Gaur aurkeztu dugun Bziber egitasmoa horretara dator".

Ildo horretan, Acasusok azaldu du ekimenaren xedea dela "euskara, teknologia eta esparru digitala aisialdiko proiektu erakargarri batean uztartzea, gazteek edukiak sor ditzaten Interneten euskaraz".

Horrela, Bziber egitasmoa Bizkai osora hedatuko da eta Tik Tok aplikazioan eta Imnstragram sare sozialean oinarrituko da. "Sarean, euskararen erabilerarako aukerak eta ereduak eskaini nahi ditugu, gazteek euskaraz argitara ditzaten", adierazi du Acasusok.

Sareko erronken formatua dauka ekimenak, eta gazteentzat erakargarriak diren hainbat elementu uztartzen ditu: sakelako telefonoa, modan dauden sareko aplikazioak, erronkak, pizgarriak eta pertsonaia erreferenteak.

ERRONKAK

Hala, ostegun honetatik uztailaren 15era bitartean, Edurne Azkarate aktoreak erronkak proposatuko dizkie gazte bizkaitarrei proba horiek egin ditzaten. Behin lau probak gaindituta, iPhone 8 gailu baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute.

Lehiaketan parte hartzeko, gazteek Bziber lehiaketaren jarraitzaile izan beharko dute sare sozialetan (@bziber_lehiaketa kontua, Tik Tok eta Instagramen), eta ondoren, Edurne Azkarate aktoreak proposatuko dituen erronken argibideei adi egon beharko dute, probak burutu eta gainditzeko. Lehiaketaren xehetasun guztiak eta proposatutako probak https://bziber.eus/ web orrian daude

Gainera, Gaztea irratiko kide eta ETBko aurpegi ezagun Ainhoa Etxeberria eta Egoitz Txurruka 'Txurru' lehiaketaren jarraitzaile nabarmenak izango dira, biak ala biak oso aktiboak baitira Tik Tok-en.