Ingurune digitalean herriz herri euskarazko edukien eskaintzan eta eskarian eragiteko hitzarmena

Josu Waliño (ezkerrean) eta Josu Labaka
PUNTUEUS/UEMA
Actualizado: jueves, 19 abril 2018 12:13

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

PuntuEUS Fundazioak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak elkarlanerako hitzarmen bat izenpetu dute ostegun honetan, ingurune digitalean herriz herri eragiteko asmoz. Hain zuzen, 85 udalerritan euskarak Interneten duen egoera aztertzeko eta herri horietako webguneetan eta domeinuetan eragiteko ekimen aitzindariak abiaraziko dira. Azken helburua da euskarazko edukien eskaintzan eta eskarian eragitea.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egindako agerraldian, Josu Labaka UEMAko lehendakariak eta Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak sinatu dute bi aldeen arteko hitzarmena.

Horrela, PuntuEUS Fundazioak UEMAko kide diren herrietako Interneten egoeraren azterketa helaraziko dio UEMAri. PuntuEUS Behatokiaren bidez horretarako berariaz garatu den tresna informatiko batekin egingo da azterketa.

Hitzarmenaren ondorioz, UEMAko kide diren 85 udalerrietan euskarak Interneten duen egoera aztertzeko eta herri horietako webguneetan eta domeinuetan eragiteko ekimen aitzindariak abiaraziko dira. Hitzarmenak 245.000 biztanle inguruko lurguneari eta 8.000 webguneri eragingo die, eta sinatu duten bi aldeek lurgune horretako ehunka erakunde, elkarte, enpresa eta norbanakotan eragiteko bitartekoak eta konpromisoak aurkeztu dituzte bi aldeek.

UEMAk kide duen udal bakoitzari helaraziko dio udalerriari dagokion azterketa. Lanketa egiteko berariaz prestatu den tresnarako sarbidea udalerri bakoitzeko euskara teknikariek izango dute, horren arabera Interneten euskara sustatzeko ekimenak abiarazi ahal izateko.

Horrela, UEMAko kide diren udalerriei proposatzen zaie .eus domeinuaren erabilera sustatzea herriko elkarte, enpresa eta, oro har, webgune bat duten eragileetan. Webgune horietan edukia euskaraz argitaratzea sustatuko da.

Halaber, herritarren artean "Interneten ere Lehen Hitza euskaraz" (www.lehenhitza.eus) kanpainan zehaztutako ekimenak sustatzea ere proposatzen da, ingurune digitalean euskararen erabilera indartzeko. Zehazki, nabigatzaileak euskaraz jartzeko ekimenak sustatzea, eskuko telefonoak euskaraz jartzeko ekimenak sustatzea eta eskolatan gaia lantzeko unitate didaktikoa lantzea proposatzen da.

Gainera, herriko eskoletan eta udalaren menpeko egoitzetan nabigatzaileak euskaraz jartzeko neurriak hartzea ere proposatzen da, ingurune digitalean euskararen presentzia indartzeko.

TOKI MAILAN ERAGIN

PuntuEUS Behatokiaren arabera, 2017an, gutxi gorabahera, 26.000 webgunek zuten edukiren bat euskaraz, hau da, Euskal Herrian dauden webguneen %16k. Azterketaren unibertsoa UEMAko udalerrietara mugatuz gero, webguneen %30ek euskarazko edukiren bat du. Horrek adierazten du "toki mailan eraginez, euskararen egoera hobetu daitekeela".

Josu Waliñoren hitzetan, "hitzarmen honen bidez, UEMAko udalerrietan eragin nahi dugu euskarak Interneten duen presentzia herri hauetan are gehiago hobetu asmoz. Uste dugu, udalerri mailan, euskara teknikariekin elkarlanean, estrategia eraginkorragoak landu ditzakegula webgunez webgune eragiteko".

Hori egin ahal izateko tresna bat jarri da UEMAko udaletako euskara teknikarien eskura, datu orokorretatik herriz herriko datu zehatzetara jaitsi ahal izateko. Tresna horren bidez, herri bakoitzean euskarak sarean duen egoera zehazki ezagutu daiteke: udalerri bakoitzean euskarak Interneten duen presentzia, domeinuen banaketa udalerrian, eta udalerrian erregistratutako webguneek euskaraz argitaratutako eduki kantitatea.

ESKARIA

Halaber, agerraldian azpimarratu dutenez, eskaintzan eragiteaz gain, eskarian ere eragitea ezinbestekoa da, hau da, "Internet erabiltzeko garaian erabiltzaileek euskararen aldeko hautua egitea". Horretarako, PuntuEUS Fundazioak iaz abiatutako "Interneten ere Lehen Hitza euskaraz" kanpaina izango da oinarri.

Kanpaina horretako datuek erakutsi dute erabiltzaileen %2-3 inguruk baino ez dutela euskaraz nabigatzen. Are gehiago, euskaraz nabigatzen duten erabiltzaileen kopurua beherantz doa, batez ere, Interneteko nabigazioa eskuko telefonoen bidez egiten delako gero eta gehiago, eta
jendeak ez duelako ohiturarik eskukoa euskaraz izateko, nahiz eta horretarako aukera badagoen.

"Interneten ere Lehen Hitza euskaraz" egitasmoak hainbat tresna eskaintzen ditu: sakelakoak euskaraz konfiguratzeko aplikazioa, nabigatzaileak euskaraz konfiguratzeko gehigarriak eta eskolatan lantzeko unitate didaktikoa. Horiek guztiak udalerrietako euskara teknikarien esku daude herriz herri eragiteko, eta hitzarmen honen bidez erabilera hori aktibatzea lortu nahi da.