Iñigo Alberdi izango da Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari berria, Ibon Aranberriren ordez

Ibon Aranbarri (ezkerrean) eta Iñigo Alberdi
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 28 marzo 2025 11:56

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusiak hartuko du Ibon Aranbarriren lekukoa Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) zuzendaritzan. Izendapena ostiral honetan onartu da BOSen patronatuaren bileran eta Alberdik maiatzaren 7an hartuko du kargua, Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez.

Ibon Aranbarrik erretiroa hartuko du aurten, 20 urte baino gehiago Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan eta "Bizkaiko kulturaren eta musikaren panoraman arrastoa utzi duen ibilbide luze eta emankorra egin ondoren".

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu duenez "oso eskertuta gaude urte hauetan guztietan gure orkestran Ibon Aranbarriren talentua izan dugulako. Bere inplikazioa, dedikazioa eta profesionaltasuna funtsezkoak izan dira BOS bezalako gure lurraldeko kultur erreferente baten ibilbide oparorako".

Bada, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak osatutako BOSen patronatuak Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusia den Iñigo Alberdi izendatu du Aranberriren ordezko ostiral honetan egidako bileran. Alberdik maiatzaren 7tik aurrera hartuko du kargua eta, ordura arte, trantsizio aldi batean, orkestran eta koralean egingo du lan.

IÑIGO ALBERDI

Iñigo Alberdi Amasorrain (Soraluze, Gipuzkoa, 1973) Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusia da 2016tik, eta irakasle laguntzailea Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian eta Nafarroako Unibertsitatean.

Prestakuntzari dagokionez, Zuzenbidean lizentziaduna da EHUn, eta goi mailako tituluduna Musika Pedagogian eta Klabezinean Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, MBA masterra Mondragon Unibertsitatean eta Musikologian masterra Errioxako Unibertsitatean.

Urteak daramatza lanean musikaren kudeaketan. Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izan zen 2006tik 2014ra, eta Lizarrako Antzinako Musikaren Asteko zuzendari artistikoa 2017tik 2019ra.

Maila profesionalean irakaskuntzan hasi zen Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolan eta banku kudeaketan Kutxabanken. Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkarteko kidea eta lehendakariordea izan da.

Eusko Ikaskuntzako batzordekide izan da, baita Musikene, Musika Hamabostaldiko eta Hezkuntza Kontzertuen Antolatzaileen Sareko patronatuetako kide ere.

Hainbat erakunderekin kolaboratzen du aholkulari, laguntzaile edo komisario gisa, hala nola Euskaltzaindiarekin, Espainiako Erroman duen Errege Akademiarekin, Bilboko Arte Ederren Museoarekin edota Espainiako Orkestra Nazionalarekin.

Gipuzkoako Arteen eta Kulturaren Kontseiluko kide izan da, eta 2024ko abendura arte Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioko Arte Eszenikoen eta Musikaren Kontseiluko kide izan da.

Aipatu diren musika erakundeen buru gisa arreta berezia eskaini dio jarduera pedagogikoari eta musika ondarea berreskuratzeari. Musika kritikaria izan da 'Egunkaria' eta 'Berria' egunkarietan eta ohiko kolaboratzailea Radio Euskadi eta Euskadi Irratia irratietan. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea da.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado