BILBO, 8 (EUROPA PRESS)
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak 2019ko hitzarmenaren eranskina sinatu dute, Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia indartzeko helburuarekin. Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak izenpetu du akordioa, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaltzaindiaren izenean.
Sinatu ostean, Urrutiak adierazi du hitzarmenak "aukera berriak" zabalduko dituela euskararentzat Ipar Euskal Herrian: "Garrantzitsua da guretzat Ipar Euskal Herriko erakundeekin batera jardutea. Aitortza egiten diguten heinean, guk geure baliabideak haien eskura jartzen ditugu, erabil eta zabal ditzaten. 2019ko akordio honek ere helburu hori dauka, euskara sustatu nahi dugu eta gure hizkuntzaren presentzia indartu Ipar Euskal Herrian. Eta, horrezaz gain, bertako eragileekin batera egin nahi dugu lan hau, betidanik egin dugunez".
Hitzarmenak bi erakundeek elkar aditurik egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatu. Hortaz, lana euskaraz egiten duten profesionalen maila jasotzeko C1etik gorako hizkuntza prestakuntzako moduluak antolatu ahalko ditu Euskararen Erakunde Publikoak, Euskaltzaindiaren laguntzarekin.
Gainera, Ipar Euskal Herriko erakundeak Euskaltzaindiaren hizkuntza baliabideak eskainiko ditu era bereizgarrian bere webgunean, eta Akademiak toponimian trebatuko ditu euskarazko toponimiaren eta horren grafiaren arloan lan egiten duten profesionalak.
Azkenik, akordioaren baitan, Euskaltzaindiak hiru lan argitaratuko ditu 2019an: "Eñaut Etxamendiren obra narratiboa (1964-2011)", "Euskal Literaturaren Antologia II: Errenazimendutik ilustraziora" eta "Adrien Gachiteguyren Laborantza. Laborantzatik hobeki bizitzeko".
Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2008ko urtarrilaren 24an izenpetu zuten lehen hitzarmen esparrua, hots, bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko eta egituratzeko tresna baliagarria. Bigarrena 2014ko maiatzaren 20an sinatu zuten, eta hirugarrena 2017an. Bestalde, urtero, hitzarmen orokorrari lotutako ekitaldiko gehigarria edo eranskina izenpetu ohi da. Hitzarmen esparru horien jarraipen eta azken urteotan burututako lanen balorazio baikorra egin ostean, indarrean den partaidetza egonkortzeko nahikaria berretsi dute bi partaideek 2019rako.