BILBO, 14 (EUROPA PRESS)
Irakurketa-idazketa prozesuan irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko 'Irakurle Digitala' web tresna sei hizkuntzatan erabiltzeko aukera dago Elhuyarren TTS ahotsei esker, hasierako euskara, gaztelania eta ingelesari, galego, katalan eta frantsesa gehitu baitzaizkio orain.
Elhuyarreko iturriek jakinarazi dutenez, 2016an gizarteratu zen tresnaren lehen bertsioa; Elhuyarrek garatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin, eta Berritzegune Nagusiak denon eskura jarri zuen.
Irakurketa-idazketa prozesuan dislexia bezalako irakurtzeko zailtasuna duten ikasleei laguntzeko tresna bat da, eta beste ikasle askorentzat ere lagungarria izan daiteke, esaterako, ikusmen-urritasuna dutenentzat edo hizkuntzari lotutako nahasmenak dituztenentzat. Ordenagailuko pantailan dagoen testua irakurri beharrean entzuteko aukera ematen du, testua nabarmendua agertzen den bitartean; horrela, ikasleak errazago irakur dezake edukia.
'Irakurle Digitala' tresnak egungo teknologietara jauzi egin du, eta horren adierazgarri dira testuak irakurtzeko erabiltzen diren ahots automatikoen kalitatea eta tresna erabiltzeko ematen diren aukerak. Ahotsei dagokienez, lehen, euskara, gaztelania eta ingelesa erabiltzeko modua eskaintzen zuen, eta, orain, galegoa, katalana eta frantsesa ere erabil daitezke testuak entzuteko; ahots horiek Elhuyarren TTS neuronalaren bidez eskaintzen dira (https://ttsneuronala.elhuyar.eus).
Horrela, Elhuyar "apustu sendoa" egiten ari da "adimen artifizialeko tresnen hedapen egokia egiteko eta erabilera zuhurra bultzatzeko". Era berean, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola inklusiboa bermatu eta bultzatzeko asmoarekin sustatu du proiektua.
INSTALAZIOA
'Irakurle Digitala' web nabigatzaileetan instalatzeko plugin bat da. Firefox, Chrome zein Edge nabigatzaileetan instala daiteke, jarraibide erraz batzuekin; Hezkuntza Saileko webgunean daude tresna instalatzeko jarraibideak (https://www.euskadi.eus/irakurle- digitala).
Erabiltzen den web nabigatzailea aurrez aipatutakoetako edozein delarik ere, itxura bera izango du. Nabigatzailearen leihoaren goialdean agertuko den barra itxurako gehigarria izango da, eta hurrengo funtzio nagusi hauek izango ditu: 'Nabigazioa' (webgunean edo PDF fitxategian nabigatzeko aukera), 'Abiadura' (irakurketa abiadura bizkortzeko edo mantsotzeko aukera), 'Hizkuntza' (sei hizkuntzetako testuak irakurtzeko aukera), 'Ahotsa' (irakurtzeko zer ahots erabiliko den hautatzeko aukera, eta 'Irakurketa-mota' (esaldia jarraian irakurtzeko nahiz hitzez hitz irakurtzeko aukera).
Azkenik, Interneten eskuragarri dauden webguneak irakurtzeko aukera eskaintzeaz gain, ordenagailuan gordeta dauden fitxategiak irakurtzeko aukera ere ematen du. Horretarako, nahikoa da PDF fitxategia web nabigatzailearekin irekitzea, 'Irakurle Digitala' aktibatzea, eta pantailan agertzen diren pausoei jarraitzea.