Itsasmuseum Bilbaok eta BBK-k asteazkenean irekiko dute 'Zer da itsasoa zuretzat?' lehiaketaren izen-ematea

Archivo - 'Zer da itsasoa zuretzat?' lehiaketa
ITSASMUSEUM - Archivo
Actualizado: martes, 14 enero 2025 16:21

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Itsasmuseum Bilbao museoak eta BBK-k 'Zer da itsasoa zuretzat?' lehiaketaren bigarren edizioan izena emateko epea irekiko dute asteazkenean, urtarrilaren 15ean, eta apirilaren 15era arte egongo da zabalik https://itsasmuseum.eus/eu/zer-da-itsasoa-zuretzat/ web orrian.

DBHko ikasleek haien inguruko pertsona nagusiei grabatutako elkarrizketa lehiaketa da, eta itsasoa belaunaldien arteko elkarrizketaren abiapuntua bilakatzea da helburua, "Bizkaiko gazteei itsas munduak gure historian eta izaeran duen garrantzia hurbilduz eta gure memoria kultural kolektiboa kontserbatzen lagunduz".

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketa Bizkaiko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1., 2. eta 3. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Jarduera eskola curriculumarekin bat dator, Oinarrizko Zehar eta Diziplina Barneko Konpetentziak garatzeko edukiak lantzeko diseinatuta baitago. Ikasleek ikastetxearen eskutik zein modu librean parte har dezakete, banaka edo gehienez lau laguneko taldeetan.

Lehiaketak "aukera paregabea" eskaintzen die ikasleei itsas ondarearen aberastasuna aztertzeko adinekoen bizipenen bidez. Ildo horretan, ekimenak helburu bikoitza du: belaunaldien artean bizitza eta jakinduria esperientzien transmisioa sortzea, eta nerabeen artean tresna digitalen erabilera arduratsua eta sortzailea sustatzea.

'Zer da itsasoa zuretzat?' galderatik abiatuta adineko pertsona bati edo bat baino gehiagori hiru eta zortzi minutu bitarteko elkarrizketa bat egitea da erronka, euskaraz edo gaztelaniaz. "Itsasoak, gure kulturaren elementu nabarmen gisa, esanahi bat du pertsona bakoitzarentzat, eta prozesu horren bidez, gure aitona-amonekin istorioak, ezagutzak eta bizipenak partekatzeko zubia, aitzakia bilakatzea, bilatzen da", azaldu dute.

Inspiratzeko eta jorratu daitezkeen gaien aniztasuna ezagutzeko, Itsasmuseum Bilbaok parte hartuko duten ikasleak museoa doan bisitatzera gonbidatuko ditu.

SARIAK

Kulturaren munduarekin lotutako pertsonek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu banako eta taldeko modalitateetan egindako lanik onenak DBHko hiru mailetan. Hiru aipamen berezi ere egongo dira, ingurumenaren jasangarritasunaren, genero berdintasunaren eta euskararen erabileraren sustapenari egiten dizkioten ekarpenak aitotzeko, BBK Fundazioak eta Itsasmuseumek partekatzen dituzten hiru balore estrategikoak baitira.

Guztira, 6.500 euroko balioa duten 21 sari banatuko dira kirol, kultura eta naturako abentura eta esperientziez gozatzeko, baita Eup! tokiko merkataritzako plataforman trukatzeko bonuetan ere.

Sariak maiatzaren 15ean museoan egingo den ekitaldi batean banatuko dira, eta bertan familiak, ikasleak, ikastetxeak eta inplikatutako erakundeak egongo dira gonbidatuta.

Lehiaketaren lehen edizioan 320 gaztek hartu zuten parte, eta Bizkaiaren aniztasuna eta itsas unibertsoari lotutako bizipen pertsonalak islatu zituzten testigantza anitzak bildu zituzten.

Contador

Leer más acerca de: