BILBO, 26 (EUROPA PRESS)
Oraina Kontakizun jardunaldien hirugarren edizioa egingo da Bilbon urtarrilaren 28tik martxoaren 11ra, Bilboko Zenbat Gara elkarteak eta BIRA kulturguneak antolatuta, eta Itxaro Bordak, Xabier Aierdik, Eider Rodriguezek, Amets Arangurenek, Edurne Azkaratek, Leire Vargasek, Itziar Ituñok eta Gorka Urbizuk gogoeta egin eta eztabaidatuko dute lau saiotan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "hausnartu egin nahi dugu munduan zapaltzen dugun zoruaz. Lurralde deserosoetan barneratzera goaz. Deserosotasuna espazio bezala. Eta horretarako talaia edo helduleku bana proposatu diegu: hemengotasuna/hangotasuna, gorputza, hitza eta (in)koherentziak".
Hizlariak hainbat gidarirekin jardungo dira solasean. Horrela, urtarrilaren 28an, Itxaro Borda eta Xabier Aierdi ariko dira Kafe Antzokian, 'Hemengotasuna/Hangotasuna' izenburupean.
Otsailaren 11n, aldiz, Edurne Azkarate eta Leire Vargas BIRA kulturgunean bilduko dira, 'Gorputza' izenburupean, eta otsailaren 25ean, Eider Rodriguez eta Amets Aranguren izango da Kafe Antzokian, 'Hitza' saioan. Bukatzeko, Itziar Ituña eta Gorka Urbizu BIRAn izango dira matxoaren 11n, '(In)Koherentziak' saioan.
Jardunaldietan parte hartzeko izena eman behar da aurretiaz orainakontakizun@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Lau saioetarako matrikularen prezioa 30 eurokoa da (20 euro langabe eta ikasleentzat). Izena ematean adieraziko dira ordaintzeko moduak.