Itxaro Borda euskaltzain osoak 'Mugari tirorik ez' idazlana irakurriko du larunbateko sarrera hitzaldian, Baionan

Itxaro Borda.
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 25 octubre 2023 12:57

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Itxaro Borda idazle lapurtarra, eta orain, Akademiaren barne arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera hitzaldia egitea dagokio. Ekitaldia larunbatean izango da, urriaren 28an, Baionako Herriko Etxean, eta Bordak 'Mugari tirorik ez' idazlan pertsonala irakurriko du.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, musikaz giroturiko atariko saio baten ondotik, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Itxaro Bordak sarrera hitzaldia irakurriko du. Mugaren konzeptuaz, euskararekin duen harremanaz edota euskal idazle gisa izan dituen zenbait bizipenez arituko zaie bertaratutakoei.

Sagrario Aleman euskaltzain osoak erantzungo dio, eta Bordaren bizipenak, idatziak eta kezkak zeintzuk diren azaltzean gain, euskararen muga administratiboak izango ditu hizpide Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak.

Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina eginen du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.

ITXARO BORDA

Itxaro Borda (Baiona, 1959) Historian lizentziaduna da (Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea). Ogibidez postaria izan da Parisen lehenik eta Zuberoan eta Lapurdin azkenik, erretreta hartu arte.

Literatura ibilbidean, 1981ean 'Maiatz' aldizkariaren sorreran parte hartu zuen Lucien Etxezaharreta lagunarekin batera, eta bertan argitaratu zuen idazlan sorta ederra, bereziki, euskaraz idatzitako olerkiek osatua. 2002an, Euskadi Saria irabazi zuen '100 %basque' lanari esker.

Eleberri andana ere argitaratu du azken hamarkadetan, hala nola 'Udaran betaurreko beltzekin' (1987, Txertoa), 'Bakean ützi arte' (1994, Susa), 'Amorezko pena baño' (1996, Susa), 'Bizi nizano munduan' (1996, Susa), '%100 basque' (2001, Susa - Euskadi Saria), 'Zeruetako erresuma' (2005, Susa), 'Jalgi hadi plazara' (2006, Susa) eta 'Ezer gabe hobe' (2010, Susa).

Prentsako artikuluak ere idatzi ditu, 'Herria', 'Herriz Herri', 'Gernika', 'Zeruko Argia', 'Argia', 'Euskaldunon Egunkaria' edota 'Berria' aldizkari eta egunkarietan, eta hainbat sari eskuratu ditu idazle ibilbidean, besteak beste, Euskadi Saria (2002), Galiziako PEN erakundearen Rosalia de Castro saria (2010), Sarako Liburu Azokako saria (2016), Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria saria (2019) eta Gehitu saria (2021). Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021eko azaroaren 26an eta euskaltzain oso 2022ko azaroaren 26an.