J.A. Bayonak eta Belen Atienzak bukatuko dute 'Zinemagileen arteko Elkarrizketak' zikloa ekainaren 4an Donostian

Archivo - Juan Antonio Bayona
Raúl Terrel - Europa Press - Archivo
Actualizado: lunes, 27 mayo 2024 13:03

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Juan Antonio Bayona zine zuzendariaren eta Belen Atienza ekoizlearen arteko solasaldiaren bukatuko da ekainaren 4an Donostian 'Zinemagileen arteko Elkarrizketak' programaren hirugarren denboraldia. Topaketa Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan izango da, eta sarrera doan bada ere, urtarrilaren 8a baino lehen matrikulatu zirenek izango dute lehentasuna.

Koldo Mitxelena Kulturuneak, Z365 Donostia Zinemaldiaren urte osoko atalak eta Elias Querejeta Zine Eskolak antolatu dute zikloa elkarlanean, eta ekainaren 28tik aurrera, edizio honetako solasaldi guztiak egongo dira ikusgai Koldo Mitxelena Kulturuneko YouTubeko kanalean eta Donostia Zinemaldiaren webgunean.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, J.A. Bayona Cannesko Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaikide izan berri da eta Belen Atienzarekin hitz egingo du urteetan zehar sortu duten zuzendari-ekoizle harremanari buruz.

Zehazkiago, egin duten azken filma izango dute aztergai: 'La sociedad de la nieve / Society of the Snow'. Filmak amaiera eman zion Veneziako Zinemaldiari, Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen eta izendatuta zegoen 13 Goya sarietatik 12 lortu zituen, besteak beste, film onenarena eta zuzendari onenarena. Horrez gain, filmak Europako Zinemaren Akademiaren bi sari ere lortu zituen, eta beste bi izendapen Oscar sarietan.

Bayonmaren eta Atienzaren arteko topaketa 19:00etan hasiko da, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan, eta sarrera doakoa da, nahiz eta urtarrilaren 8a baino lehen matrikulatu zirenek izango duten lehentasuna.

HIRUGARREN EDIZIOA

'Zinemagileen arteko Elkarrizketak' programaren hirugarren edizioko elkarrizketen protagonistak izan diar Negu Hurbilak kolektiboa, Victor Iriarte eta Carlos Muguiro, Elena Martin, Laura Ferres eta Javier Macipe, Isabel Coixet eta Sara Mesa, Isabel Herguera eta Pablo Berger, eta Belen Funes eta Marçal Cebrián. Azken saioa ekainaren 4koa izango da, Bayona eta Atienzaren artekoa.

Hirugarren denboraldiko saio guztiak aurrez aurrekoak izan dira, eta ez dira 'streaming' bidez eman, baina ekainaren 28tik aurrera, solasaldi guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko YouTubeko kanalean eta Donostia Zinemaldiaren webgunean egongo dira ikusgai.

Antolatzaileen arabera, 'Zinemagileen arteko Elkarrizketak' programaren bidez, film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaini nahi izan zaizkio zinemazaleari. Horrela, programak aukera eman du zinema sorkuntzaren intrahistoria ezagutzeko, elkarrizketa formatu atseginean.

Elkarrizketa guztietan, zinema lanbide kolektibo gisa hartzen da, eta zinemagile bakoitzarekin batera parte hartu dute hainbat arlotan lankide izan dituzten pertsonetako batzuk (muntaia, interpretazioa, gidoia, ekoizpena), edo belaunaldia, abiapuntua nahiz kezka formalak eta tematikoak partekatzen dituzten beste zinemagile batzuk.

Zinemagilearen begirada bakarra deszentralizatzeaz gain, proiektu baten garapena osatzen duten lanbide tradizionalenak ezagutzera ematea da zikloaren xedea, eta, ondorioz, zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikastea, gaur egungo testuinguruak zinea norabide guztietan aldarazten baitu.

Leer más acerca de: