BILBO, 10 (EUROPA PRESS)
Euskara eta Korrika ardatz izango dituen 'Jalgi Hadi!' dokumentala ekoizteko ezinbestekoa den kopurutik hurbilago dago dirua biltzeko kanpaina, gutxienekoaren bi heren lortuta. AEKren eta Mirokutana taldearen arteko ekoizpena Donostia Zinemaldian aurkezteko asmoa dago.
Hain zuzen, Korrika barrutik erakutsiko duen dokumentala gauzatzeko gutxienekoaren %63 erdietsi da jada. 30.000 euro behar dira gutxienez, nahiz eta, Ane Elordi Korrika arduradunak berriki zehaztu bezala, "ezin dugu ahaztu helburua ere badela 88.000 eurora heltzea".
Kanpaina amaitzeko 16 egun geratzen dira, eta asko izan dira 'Jalgi Hadi!' proiektua babestu duten pertsona ezagunak, besteak beste, Amagoia Mujika 'Berria'-ko zuzendaria, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Josu Etxaburu Gure Esku Dago-ren bozeramailea, Zuriñe Hidalgo abeslaria, Xabier Euzkitze brtsolari eta aurkezlea edota Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak.
AEK eta Korrikatik nabarmendu dutenez, ekarpena egiteak ere saria dakar, eta poltsiko guztietarako diru ekarpenak egin daitezke, 5 eurotik hasita, 250 eurora arte. Norbanakoez gain, elkarteek ere euren alea jar dezakete, eta beraien irudia dokumentalean joateko aukera izan. Ekarpenak www.jalgihadi.eus webgunean egin daitezke.