Jaurlaritzak 1,68 milioi euro bideratuko ditu EHUko HiTZ zentrora, ingurune digitalean euskararen presentzia handitzeko

802094.1.260.149.20230925123927
Vídeo de la noticia
Bingen Zupiria, Eva Ferreira eta Eneko Agirre HiTZ zentrora egindako bisitaren ondoren eskaini duten agerraldian. - IREKIA
Actualizado: lunes, 25 septiembre 2023 12:40

DONOSTIA, 25 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak 1.680.000 euroko diru laguntza emango dio Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ hizkuntza teknologiarako zentroari, alor digitalean euskararen presentzia handitzeko helburua izango duten teknika berriak ikertzeko eta hizkuntza teknologiaren inguruko sarea indartzeko.

Horrela azaldu dute astelehen honetan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak eta EHUko errektore Eva Ferreirak, Donostian kokatuta dagoen HiTZ zentrora egin duten bisitaren ostean.

HiTZ zentroa kokatuta dagoen Informatika Fakultatea bisitatu dute zentroko 70 ikerlariak ezagutzeko eta bertan dauden materialak ikusteko. Bisitan, HiTZ zentroko zuzendari Eneko Agirre ere izan da. Jaurlaritzaren diru laguntza 2023-2025 epealdian burutuko da eta, bitartean, batzorde bat eratuko da xehetasun eta emaitzak berrikusteko eta ebaluatzeko.

Agerraldian adierazi dutenez, egungo eta etorkizuneko teknologiek testuzko eta ahozko datu masa erraldoiak eskatzen dituzte hizkuntza bakoitzeko. Aldiz, euskarak eta hizkuntza txikiagoek eskaini ahal dituzten datuak ez dira nahikoak gaur egun teknologia horiek behar adina kalitatea izateko. Horregatik, "ezinbestekoa" da hizkuntza teknologian ikertzea euskarak gero eta ohikoagoak izango diren teknologietan presentzia izateko eta beste hizkuntzen parera eramateko.

Bada, Jaurlaritzak HiTZ zentrora bideratuko duen diru laguntzaren bitartez bi proiektu landuko dira: alde batetik Iker-Gaitu, hizkuntza teknologiak ikertu teknika berriak lortzeko (1,5 milioi euro), eta bestetik Clariah-Eus sarea osatu eta sendotzeko (180.000 euro).

Iker-Gaitu proiektuari dagokionez, landu nahi diren teknika berrien helburuak dira euskararen idatzizko zein ahozko gaitasun maila era automatikoan atzemango duen sistema; ahots pertsonalizatuen teknologia desgaitasuna duten pertsonengana iristaraztea; ahots espontaneoaren transkripzioa, euskara eta gaztelera nahasten direnean eta hainbat hiztun daudenean ere jardungo dena; chatGPT edo GPT4 bezalako testuzko elkarrizketa sistema ahaltsuenak euskaraz ere beste hizkuntzen pare aritzea.

Bestalde, bigarren proiektuari dagokionez, Clariah-Eus sarearen laguntza izango dute. Clariah-Eus 137 ikertzailek eta euskara ikertzen ari diren 11 ikerketa talde edo erakundek babestutako sare bezala jaio da, pertsonen, datuen, baliabideen eta tresnen sare bezala, alegia.

Hainbat diziplinatako jendea batzen du (Humanitateak, Artea eta Zientzia Sozialak, besteak beste), eta horrek sinergia gehiago sortzea ekarriko ditu materialak, edukiak eta ezagutzak partekatzeko. Lau ikertzailek proiektua koordinatuko dute eta sarea edukiz hornitu, erabiltzaileen arteko lankidetza sustatu zein ikertzaileen eskaerak bideratuko dituzte.

Clariah-Eus Europako sare handi baterako leihoa da, Europako Clarin-Eric eta Dariah-Eric azpiegitura zientifikoen parte da eta horrek aukera emango die ikertzaileei Europako azpiegitura horietan dauden baliabide eta tresna guztiak eskuratzeko.

Helburuak dira euskara eta euskaraz ikertzeko baliabide digital eta aurreratuen inbentario eguneratua mantentzea; Humanitate Digitaletan eta Zientzia Sozialetan ikertuko duen komunitatearen proiektuak sustatzea eta zabalkunderako plaza garrantzitsua izatea; Europako Clarin eta Dariah azpiegituretan parte hartzeko bidea urratzea eta horietan garatu diren tresnak eta baliabideak erabiltzea, eta euskal komunitatean erabilienak direnak euskarara egokitzeko lana egitea.

EUSKARAK BERE TOKIA

Bingen Zupiriak ekitaldian azaldu du eremu digitalean hizkuntza hegemonikoak direla jaun eta jabe, batez ere ingelesa, eta "beharrezkoa" dela euskarak ere bere tokia izatea eta hizkuntza horiekiko distantzia murrizten joatea. "Gure eguneroko jardunean gero eta presentzia handiagoa duen digitalizazio horretan gure hizkuntzak ere bere tokia behar du, bestela beste batzuek hartuko dute espazio hori", nabarmendu du.

Horretarako, ezinbestekotzat jo du hizkuntza teknologia lantzea: "Eredu izan nahi dugu, trakzio lana egin nahi dugu hizkuntza teknologiaren eremuan. Euskarak kalitatezko hizkuntza teknologia garatzeko behar dituen tresna eta baliabideak sortu eta interesa dutenen eskura jarri nahi ditugu. Sektorearen garapena ere bultzatu nahi dugu lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua sustatuz. Hau dena EHUko HiTZ zentroari egiten diogun eskariaren muinean dago".

Bestalde, Eva Ferreirak adierazi duenez, "euskararen garapen zientifiko eta intelektuala ezin da ulertu Euskal Herriko Unibertsitatearen funtsezko ekarpenik gabe. Eta hala onartzen du Eusko Jaurlaritzak. Bada, azpimarratu nahi dut akordio hau sinatzeak dakarren lankidetza esparru zehatza".

"Benetako iraultza teknologikoa bizi dugu eta, azken batean, iraultza hori intelektuala eta soziala ere bada. Errealitate materialari errealitate birtuala gehitzen zaio. Gaur egun jada ez dago bizirik iraungo duen giza errealitaterik mundu digitalean korrespondentzia egokirik ez badu. Eta ondorioa begi-bistakoa da: euskarak hor egon behar du. Eta indartsu egon behar du gainera, baliabide egokiekin. Aurrera eramango ditugun proiektuek presentzia hori indartuko dute", azaldu du.

IKERKUNTZAREN BEHARRA

Azkenik, ekitaldian izan den Eneko Agirre HiTZ zentroko zuzendariak ikerkuntzaren beharra azpimarratu du: "Egungo teknologiak hiztun askoko hizkuntzatan oso ondo lan egiten du, baina hiztun gutxiagokoetan kalitate eskasagoa du. Adibidez, gure zentroan egindako ikerketa batek erakutsi du egun dagoen testu masarekin ezin direla elkarrizketa sistemen motore diren hizkuntza eredu ahaltsuenak euskararako entrenatu, eta ahotsarekin ere beste hainbeste gertatzen da".

Esan duenez, "horren aurrean, elkarrizketa sistema eta ahotsarekin lan egiten dituzten ereduak eraikitzeko metodo berrietan ikertzen ari gara, eta horren osagarri bezala testuzko eta ahozko datu masak biltzen. Ikerkuntza zentro publikoa garen heinean, eraikitzen ditugun eredu eta algoritmo guztiak inguruko zentro teknologiko eta enpresekin era librean partekatuko dira, emandako aurrerapausoak lehenbailehen iritsi daitezen gizartera".

Bukatzeko, elkarlanaren beharra aipatu du Agirrek. Bere hitzetan, "euskal gizarteak euskarazko hizkuntza teknologia propioa eta kalitatezkoa nahi badu, testu eta ahotsen datu bilketa masiboa abiatu beharra dago, eta erakunde publiko eta pribatuen ezkuzabaltasuna gako izango da horretan, euskararen onurarako".