GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko ditu 2025. urteean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kultur jarduera sustatzera, hau da, aurrekoan baino %4,6 gehiago, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri duenez.
"Kultura motor ekonomikoa eta pertsonengan ongizatea sortzeko tresna da, eta, horregatik, kultur ekoizpenaren balio katea indartzen jarraituko dugu, 28 milioi eurorekin", esan du Bengoetxeak astearte honetan, 2024ko kultur programazioaren balantzea eta bere sailak 2025ean kultura sustatzera bideratuko duen finantzaketaren berri emateko prentsa agerraldian.
Azaldu duenez, 20.600 kultur ekitaldi baino gehiago egin ziren 2024an EAEn, aurreko urtean baino %12 gehiago (2023an 18.337 izan ziren) eta 2022an baino %27,3 gehiago (16.221), hau da, egunean 56 ekimen. Kulturaren Euskal Behatokiak egindako 'EAEko kultura-programazioaren analisia. 2024. urtea' txostenean jasotako datuak dira.
"Sailetik oso positiboki baloratzen ditugu zifra horiek, erakusten dutelako Euskadin izugarrizko talentu sortzailea dugula, sorkuntzek eskaintzen dituzten egiturak ditugula eta parte hartzen duen eta kulturaz gozatzen duen gizarte bat daukagula", adierazi du Bengoetxeak.
Kultura "Euskadiko kide eta komunitate sentimendua indartzeko tresna" dela nabarmendu du, eta gobernu bezela indartu nahi den kultura sistema balioan jarri du. Konpromiso horren baitan, aurreratu du Jaurlaritzak 28 milioi euro bideratuko dituela aurten kulturaren sektore guztien balio katea osatzen duten eragile guztientzat, iaz baino %4,6 gehiago.
Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literatura, arte eszeniko, musika, arte plastiko eta bisual, ikus-entzunezko, jaialdien antolatzaile, antzerki emanaldi edoat berrikuntzako proiektuen sektoreko 730 eragile baino gehiagorengana iritsi nahi du deialdien bidez (17,4 milioi euro, 2024an baino %5,7 gehiago) eta diru laguntza izendunen bidez (10,6 milioi euro, 2024an baino %3,5 gehiago).
Sektoreetatik harago, finantzaketa pertsonei ere zuzenduta dago, besteak beste, sortzen laguntzeko, beren proiektuak garatzeko, prestatzeko, ekoizteko, beren lana sustatzeko, banatzeko edo zabaltzeko.
Gainera, Bengoetxeak konpromisoa hartu du deialdi eta diru laguntzen erdia apirilerako eta gehienak uztailerako ebatzita egotea. Horri esker, laguntzak eskatzen dituzten kultur erakundeek lehen seihilekoan jakingo dute zer aurrekontu izango duten beren planak gauzatzeko.
"Finantzaketa handitzea eta izapideak bizkortzea sortzaileei eta artistei laguntzeko eta kulturaren egiturak indartzeko modu bat gehiago dira", gaineratu du.
2024KO ANALISIA
Bestalde, Kulturaren Euskal Behatokiak 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean programatutako kultur ekitaldi guztiak aztertu ditu, eta, 'EAEko kultura-programazioaren analisia. 2024. urtea' azterlanaren arabera, iaz 20.644 kultur ekitaldi egin ziren, 2023an baino %12 gehuiago eta 2022an baino %27,3 gehiago.
Datu horiek Kulturklikek jasotzen duen agendan oinarritzen dira. www.kulturklik.euskadi.eus euskal kulturaren atari interaktibo nagusia da, kultur eragile guztiei irekia, eta bere programazioa eta eduki interesgarriak zabaltzea du helburu.
Ekitaldirik ugarienak kontzertuak izan ziren, 5.743 zenbatetsita, aurreko urtean baino %3,2 gehiago. Kontzertu gehienak musika garaikidekoak izan ziren (guztizkoaren %77,7). Ordainpeko kontzertuen batez besteko prezioa 15,8 euro izan zen.
Bizkaian programatu ziren kontzertu gehien (%45), eta ondoren Gipuzkoan (%40,4) eta Araban (%14,6), eta euskara izan zen musika emanaldietan gehien agertu zen hizkuntza, kontzertuen %26 hizkuntza horretan izan baitziren.
Antzerkiari dagokionez, 2024an 4.408 emanaldi programatu ziren, 15 euroko batez besteko prezioarekin ordainpeko ekitaldi bakoitzeko. Hizkuntzari dagokionez, emanaldien %44,2 gaztelaniaz eta %40 euskaraz egin ziren.
Antzerki generorik antzeztuena testu antzerkia izan zen (%47), eta ondoren zirkua (%15,1). Gainera, 2024an EAEn eskainitako antzerki emanaldien %41 haurrei eta familiei zuzenduta zeuden.
DANTZA
Bestalde, 903 dantza emanaldi programatu ziren 2024an. Ordainpeko ikuskizunen batez besteko prezioa 14 euro izan zen, eta dantza garaikidea izan zen agertokietan presentzia handiena izan zuen generoa (%64,7), dantza tradizionalaren aurretik (%24,6).
Kulturaren Euskal Behatokiaren txostenak 1.266 erakusketa ere jaso ditu. Aztertutako erakusketak 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean inauguratu zirenak dira, amaiera data edozein dela ere.
Txostenean 1.062 bertso saio ere jaso dira; 2024an egindako bertso saio guztien %56,3 Gipuzkoan egin ziren, %35,1 Bizkaian, eta %8,6 Araban.
Azkenik, kultur ekitaldi gehien Bizkaian programatu ziren 2024an (%44,8), eta ondoren Gipuzkoan (%40,7) eta Araban (%14,8).