Jaurlaritzak 28,5 milioi euro bideratu ditu 2024-2025 ikasturteko unibertsitate beketara

Archivo - Ikasleak EHUn
MITXI MITXIFOTOGRAFO@GMAIL.COM - Archivo
Actualizado: martes, 2 julio 2024 13:11

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 2024-2025 ikasturtean unibertsitate eta goi mailako ikasketak egiteko beketarako deialdia egiten duen agindua onartu du astearte honetan, Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak proposatuta, 28.560.000 euroko aurrekontuarekin. Mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio gastuak ordaintzeko diru laguntzak ere jaso dira deialdian.

Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, deialdira zuzendutako aurrekontua handitu egin ahal izango da, beharrezkoa balitz. Era honetan, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak bermatu nahi du baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek laguntza jasoko dutela, ezarritako kopuruetan, aurkeztutako eskabideen kopurua eta eskatzaile onuradunen kopurua edozein izanik ere.

Beken izapidetzea arintzeko helburuak indarrean darrai datorren ikasturterako deialdian, eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan erantzuna jaso dezaten (baiezkoa ala ezezkoa), eta, horrela, ikasleek urtea amaitu baino lehen kobratu dezaten laguntza, erantzuna baiezkoa bada.

Laguntzak eskatzeko epea uztailaren 18tik irailaren 16ra bitarte izango da zabalik, eta beken ebazpena eskaeren hurrenkera jarraituz egingo da. Eskabideak ahalik eta goizen betetzea sustatu nahi da, horrela lehenago ebatzi ahal izango baitira bekak. Izapide guztiak elektronikoak izango dira, eskabidea barne.

Contador